Gaur COVID-19 kasuen gorakada txiki bat izan da, eta hainbat faktorek izan dute eragina. Batetik, gero eta gazte gehiago kutsatzen ari dira: atzo kutsatutakoen artean, 16 eta 29 urte bitartekoak ziren %70. Txertatu gabe daude, eta jarduera soziala izaten ari dira une honetan.
Faktore horri gehitu behar zaio aldaera berrien zabaltzea. Atzo gaueko datuen arabera, andui indiarrak hartu du iragan asteko kasuen %27, eta espero dute aste gutxi batzuetan nagusi izatea. Baina Artundok zehaztu duenez, kutsakorragoa den arren, ezin dute baieztatu ospitaleratze gehiago eragiten duenik.
“Hodei beltz” horiek ikusita, erabaki dute txertaketa areagotzea, eta uztailera aurreratu dute AstraZenecako bigarren dosia jaso behar duten 60 eta 66 urte bitartekoen hitzordua, abuzturako aurreikusita zegoena; eta atzo zabaldu zuten 18 eta 29 urte bitartekoek hitzordua jasotzeko aukera.
Baldintza horiekin guztiekin, Artundok uste du aurrera begira balitekeela intzidentzia handitzea, baina eragina ospitaleratze eta heriotzetan “nabarmen” txikiagoa izan beharko lukeela.
Hortaz, aurrerantzean, pandemiaren adierazle guztiei so egiten jarraituko duten arren, gero eta gutxiago begiratuko diote intzidentziari, eta gero eta gehiago ospitaletako presioari eta heriotzei.
Beraz, aukerak daude bai egoerak hobera egiteko, baita okertzeko ere; horregatik, hamabost egunean behin neurriak aldatzeko aukera aztertuko dute. Eta ongi badoa, uztail amaieran ostalaritzaren sektorearekin bilduko dira berriro, eta egoerak ahalbidetzen badu, gehiago malgutuko dituzte neurriak.
Zuhurtziari eutsiko diote gutxienez irailera arte, eta ordurako %70 edo 80ko immunitatea aurreikusten dutenez, orduan bai, aldaketa nabarmenak egitea espero dute.