Iruñeko artzapezpikuak barkamena eskatu die El Puy eskolan sexu erasoak pairatu zituztenei

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 29a, 13:04

Biktimen sufrimendua "bere" egiten duela esan du Francisco Perez artzapezpikuak, eta Nafarroako Elizaren izenean barkamena eskatu die. Artzapezpikutzak ikerketa egin du, baina El Puy ikastetxera mugatu da, argudiatuta ordena erlijiosoen menpeko eskolak ikertzea ez dela bere eskuduntza. 

Francisco Perez artzapezpikuak barkamena eskatu du Nafarroako Elizaren izenean: biktimen sufrimendua bere egiten duela adierazi du, eta barkamena eskatu die Lizarrako El Puy eskolan jasandako abusuak salatu zituztenei, horiek bere garaian ikertu beharra zegoelako.

Berandu doazela badaki, beraz; izan ere, duela bi urte aurkeztu zituzten salaketak. Baina bere asmoa "lehen baino hobe" jardutea dela esan du Perezek, eta barkamena eskatu nahi duela, horrek eragin duen sufrimenduagatik.

Bilera pribatua ere eskaini die artzapezpikuak biktimei, ostegunerako. Aurrez aurre helaraziko die barkamen eskea, eta adieraziko die elizaren "konpromisoa" jartzeko "behar diren baliabide guztiak" gertatutakoa ez dadin errepikatu. 

Hala ere, barkamena nahiz ikerketa mugatuak dira. El Puy ikastetxeko kasuez gain izandako abusuez galdetuta, Maite Quintana ikerketa batzordeko buruak erantzun du gotzain batek ezin duela ikerketarik abiarazi Artzapezpikuntzaren menpe beharrean, eskola ordena erlijioso baten menpe dagoenean.

Quintanak zehaztu duenaren arabera, zortzi biktimak salatu dute elizgizon batek eginiko abusuak. Horrez gain, beste bi pertsona helduren salaketa dago, senide baten abusuengatik aholkularitza eskatu zuen beste bat, eta adingabe baten jazarpena salatu duten guraso batzuk.

Alfredo Irujo ikerketa taldeko kidearen hitzetan, ezin da frogatu gertatutakoa «ezkutatzeko asmoa» izan denik, baina biktimek bakamen eskea merezi dute.

Artzapezpikuak, azkenik, barkamena "umiltasun osoz" eskatu duela esan du, eta espero duela biktimek onar dezatela.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!