20.000 euroko isunak ezarri dizkiete Aroztegiaren aurkako kanpaldia egin zuten ekintzaileei

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 21a, 09:16

Aroztak herri ekimeneko kideak, prentsaurreko bat ematen. (@aroztak)

Hamar pertsona auzipetu dituzte egitasmoan parte hartzeagatik. "Herri oso baten kontrako erasoa" dela salatu dute, eta "herri gisa erantzungo" dutela ziurtatu. 

Aroztak herri ekimenak jakitera eman duenez, hamar pertsona auzipetu dituzte, eta beste 25 ekintzaile eta kazetari –tartean ahotsa.info eta Ekinklik-eko kamerak- isundu dituzte Aroztegia proiektuaren aurka egindako mobilizazioetan parte hartzeagatik edota horiek grabatzeagatik. Osotara, 20.000 euro eskatzen dizkiete isun eta kalte ordainetan.

Aroztak herri ekimeneko kideek jakinarazi dutenez, maiatzean Elizondon egindako manifestazioaren biharamunean izan zuten hamar ekintzaile inputaturik zeudela, eta ondoko asteetan beste 25 lagunek jaso zituzten isun administratiboak. Guztira, 20.000 euro eskatzen dizkiete isun eta kalte ordainetan.

Horrez gain, kalte material eta psikologikoak eragitea leporatzen diete. “Jokabide hau ez da berria eta ez gaitu harritzen, Palacio de Arozteguia S.L bezalako espekulatzaileen zein beren zerbitzura dauden instituzioen errepresio mota guztiak ezagutzen baititugu”, adierazi dute Aroztak-etik. “Mundu zabalean lurra eta jatorrizko herrien aldeko ekintzaileek pairatzen duten errepresioaren bertze adibide bat bertzerik ez da gurea”.

“Bortxaz eta inposizioz gure herria eta kultura desagerrarazi nahi duten horiek, indarkeria erabiltzea leporatzen digute. Zer da indarkeria? Lurra defenditzea edo herriko nekazariei beren lurrak ebastea? Edo 400 urteko haritzak moztea? Edo herriak eta kulturak suntsitzea? Edo metrailetak eskuetan dituzten Guardia Zibilekin herria okupatzea?”, galdetu dute.

Aroztak-eko kideek argi dute kanpaina “errepresibo” honekin “gezur borobilez beteriko kontakizuna” zabaldu nahi badute ere, ez dutela lortuko. Eta “herri oso baten kontrako erasoa” dela gaineratu dute, “izen abizen zehatz batzuekin lotu nahi baldin badute ere”. Hori horrela, “herri gisa” erantzungo dutela ziurtatu dute: “Herri gisa erasotzen gaituztenean, herri gisa erantzunen dugu”.

“Segituko dugu beraz helburua dugun Aroztegiko proiektu espekulatzailea gelditzeko lanetan. Ez gaituzte isilduko eta ez gaituzte geldiaraziko”, laburbildu dute.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!