COVID-19agatik ospitaleratuen kopurua duela hilabetekoaren herena da

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 17a, 11:52

Nafarroako ospitalgunea, artxiboko irudi batean.

Ekainaren 4tik ez da hildakorik izan koronabirsarengatik edo koronabirusarekin, eta ospitaleratu kopuruak nabarmen egin du behera: duela hilabete 93 ziren, egun 31 dira. 

Atzo 46 COVID-19 kasu izan ziren Nafarroan, 1.449 PCR eta antigeno proba egin ostean, eta positibo tasa %3,2koa izan zen, Nafarroako Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera. Aurreko egunean 62 kasu erregistratu zituzten, %3,3ko positibo tasarekin.

Ekainaren 4tik ez da hildakorik izan koronabirsarengatik edo koronabirusarekin. 13 egun dira jada. Beste datu on bat da txertoari esker, ospitaleratu berrien artean ez dagoela 60 urtetik gorako herritarrik. Ospitaleratu kopuruak, gainera, nabarmen egin du behera: duela hilabete 93 ziren, egun 31 dira. Pilaturiko intzidentzia, berriz, 110era jaitsi da, 100.000 biztanleko, hamalau egunean.

Santos Indurain kontseilaria baikor azaldu zen atzo; nolanahi ere, oraindik baidra zenbait kezka iturri. Horietako bat, birusaren aldaera berriak, dagoeneko %22 baitira. Aldaera ingelesak mutaziorik zabalduena izaten segitzen du, kasu berrien %75ekin. Kutsakorragoa da, eta gaixotasun larriagoa eragiten du jatorrizko aldaerak baino, baina, zorionez, txertoen aitzinean ez du zereginik.

Preseski, txertaketa kanpaina abiada bizian egiten ari da aurrera. Dagoeneko 500.000 lagunek jaso dute lehen dosia Nafarroan. Uztailean, 30 eta 39 urte arteko herritarrak txertatzen hasiko dira.

Egoera gero eta hobea denez, hainbat herritarren galdera da ea noiz utzi ahal izanen zaion kanpoan maskara erabiltzeari. Atzo, Espainiako presidente Pedro Sanchezek esan zuen sarri izanen dela, baina ez zuen datarik zehaztu. Indurain kontseilariak erreferentzia tenporal bat ematera ausartu da: uztailean izango dela, “agian hilaren bukaeran”.

Bitartean, zenbait neurri murriztaile laxatuko ditu Nafarroako Gobernuak bihartik aurrera. Besteak beste, Barnealdea edukieraren erdira zabaltzeko baimena izanen dute tabernariek.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!