Margarita Nafarroakoak 1559an idatzitako 'Heptamerona' euskaratzeko diru bilketa abiatu dute

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 15a, 12:50

Booktegi.eus-ek eta Nafar Ateneoak antolatu dute ‘Heptamerona – Nafarroako erreginaren liburua’ egitasmoa. Itsulapikoa atarian egin daitezke elkarpenak.

Margarita Nafarroakoak 1559an idatzi zuen Heptamerona. Frantsesez idatzi zuen, eta gaur arte ez da inoiz euskarara itzuli. Guztira 72 ipuin edo istoriok osatzen dute liburua, eta zortzi ‘egunetan’ antolatuta daude.

Liburuan, besteak beste, itxialdi batean kontaturiko narrazioak biltzen dira, eta 2020ko itxialdian sortu zen euskarara ekartzeko egitasmoa.

Booktegi eta Nafar Ateneoaren proiektua liburu osoa itzultzea da, urtero egun bateko ipuinak euskarara ekarriz. "Urtero itzulitako eguna jendaurrean irakurriko da, eta saiatuko gara ahalik eta lagun eta erakunde gehienek parte har dezaten irakurrialdian", azaldu dute.

Iruñeko Kondestablen eginen dituzte irakurraldiak, eta parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. Liburua formatu digitalean argitaratuko dute Booktegin.eus-en. "Ez dugu baztertzen paperezko formatuan ere plazaratzea. Ahal dela, horixe ere nahi genuke", zehaztu dute. Hori lortzeko 6.000 euroko finantzazioa beharko luke proiektuak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!