Nafarroa "nahiko egoera baikorrean" helduko da udara, Indurainen arabera

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 9a, 14:03

Santos Indurain Osasun kontseilaria, artxiboko irudi batean.

Nafarroako Osasun kontseilariaren iritziz, egokiena litzateke pertsona bakoitzak bere erkidegoan har dezala txertoa; baina "salbuespenak" egon litezke. 

Santos Indurain Oasun kontseilariak adierazi du pandemiaren egungo datuak ikusita, esan litekeela Nafarroa "nahiko egoera baikorrean" helduko dela udaren atarira. Izan ere, Foru Erkidegoaren egungo agertokia arrisku maila txiki eta ertainaren artean dago; hala ere, badirudi aurreko astean aipatzen zuten gorakada gelditu egin dela.

Baikortasun horren arrazoietako bat da txertaketa erritmo egokian doala aurrera. Indurainek emandako datuen arabera, gaur egun 16 urtetik gorako biztanleen ia herenak daude erabat immunizatuta, eta horien erdiek baino gehiagok gutxienez dosi bat dute.

70 urtetik gorako biztanleen ia %100ek ziklo osoa dute; eta 50 urtetik gorakoen erdiek. Orain 40 eta 49 urte bitarteko taldean ari dira arreta jartzen; talde handia da, eta uztailaren hasierarako guztiek dosi bat izatea espero dute. Orotara, 460.000 dosi jarri dituzte, eta176.000 pertsona daude immunizaturik. 

"Beraz, panorama argitsua da, baina zuhurtziari eutsi behar zaio", azpimarratu du Indurainek. Zuhurtziari eutsi behar zaio, besteak beste, beste andui batzuen kasu batzuk detektatu dituztelako; zehazki, %15era iritsi dira, eta indiar jatorriko aldaera bateko kasuak atzeman dituzte, baina "oso mugatuak eta kontrolatuak daude".

Txertoa eta oporrak

Uda garaian Nafarroan beste erkidego batzuetako biztanleek txertoa jasotzeko aukerari dagokionez, erabakia datorren asteko lurralde arteko osasun publikoko batzordearen proposamen orokor berri baten zain geratu da, baina Indurainek adireazi duenez, Nafarroaren jarrera izango da pertsona bakoitzak bere erkidegoan har dezala txertoa.

Nolanahi ere, Indurainen arabera, "salbuespenak" egon daitezke, esaterako Foru Erkidegoan denbora dezente egongo diren pertsonen kasuan, edo beste egoera jakin batzuetan, eta kasu horietan aztertu litezke pertsona horiek txertoa bertan jasotzea. 

2Hori da Nafarroak une honetan duen jarrera, baina osasun publikoko batzordean erabakitakoarekin koordinatuta eta elkarren artean adostuta egongo da", nabarmendu du Indurainek.

Gaiari lotuta, gogorarazi du nafarrek ez dutela hitzordu finko bat jasotzen, mezu bat baizik, pertsona bakoitzak malgutasunez har dezan bere hitzordua. "Eta horrek txertoa jasotzeko eguna neurri batean oporren arabera egokitzeko aukera dakar".

Nolanahi ere, Osasun Departamentua jarrera zehazten joango da egunotan, gainerako erkidegoekin eta Espainiako Osasun ministerioarekin koordinatuta.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!