PSNk eremu ez euskaldunean duen jarrerak akordio programatikoa urratzen duela dio Gero Baik

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 8a, 08:19

Iragan astean, Javier Remirezen irarpenaren ondoren, Geroa Baik gogorarazi dio gobernuan ez dagoela adostasunik Merituak Baloratzeko Dekretuaren inguruan.

Gaiaz galdetuta, zorrotz mintzatu da gaur Maria Solana parlamentaria. Salatu du, 2019an Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak dekretuaren zati bat bertan behera utzi zuenetik, urte eta erdi egon direla negoziatzen saiatzen, baina ez dutela adostasunik lortu, eta jada ezin dela gehiago luzatu; hutsune horrekin, oposizio eta lehiaketa publikoek aurrera egiten dutenez, kaltetu ugari egon direla, eta behingoz konpondu behar dela egoera. PSNri xantaien aurrean tinko mantentzea eskatu dio, eta irizpide teknikoak jartzea aurretik, eta "ez interes alderdikoiak".

PSNko bozeramaile Ramon Alzorrizek, erantzun bitxia eman du: hizkuntza bat, kasu honetan euskara, ez dela defendatzen hura administrazioan sartzeko orduan gehiago edo gutxiago baloratuz, baizik eta hura ez erabilita talkak bilatzeko. Eta bere alderdia euskara bultzatzearen alde dagoela. Haren iritziz, ez dira akordio programatikoa urratzen ari, eta argi utzi du ez dutela jarrera aldatuko.

Gobernuko kide nagusiez harago, Ahal Duguko eta Ezkerrako bozeramaileek iragan legegintzaldiko jarrera mantentzen dute; orduan adostutako akordioa defendatu dute; eta zentzugabekeriatzat jo dute kanpoko hizkuntzak baloratuak izatea, eta bertako hizkuntza bat berriz, ez.

EH Bilduk ere, kezkaz, hizkuntza eskubideetan atzera egiteko tentazioak ikusten ditu; ez bakarrik dekretuari lotutako adierazpenengatik, baita, adibidez, zenbait eremutako ikasleei batxilergoa euskaraz egiteko oztopoak jarrita ere; eta atzerapen horien aurrean tinko erantzuteko asmoa agertu du Adolfo Araizek.

Navarra Sumako bozeramaileak, berriz, esan du ez dela fidatzen PSNrekin, eta letra xehea irakurriko dutela.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!