Belateko tunelak bikoizteko lanak 2022an hasiko dira

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 26a, 12:08

Bernardo Ciriza kontseilaria eta Pedro Lopez Azpiegituren zuzendari nagusia, Maria Txibiteri eta Jose Luis Arastiri proiektua erakusten.

Belateko tunel berriak larrialdiko bost galeria izango ditu 500 metrotik behin, gaur egungoarekin konektatuta.

Nafarroako Gobernuak aurreikusi duenez, 2022an hasiko dira Belateko tunelak bikoizteko lanak, N-121-A errepidean, eta, aurreikuspenen arabera, 27 hilabeteko iraupena izango dute. Maria Txibite Nafarroako presidenteak tunelak bikoizteko trazadura proiektuaren inguruko lehen berritasunak azaldu ditu, eta laster jendaurrean jarriko dute informazio osoa.

Txibitek azaldu duenez,tunel berriak larrialdietarako bost galeria izango ditu 500 metrotik behin, egungo tunelarekin lotuta. Azkenean, Almandozko tunela egungoa baino 160 metro luzeagoa izango da, eta larrialdietarako bi galeria izango ditu; kasu horretan, lanak 17 hilabeteko epean egitea aurreikusten da. Era berean, tunelen arteko zatian, 210 metroko zubibide berri bat eraikiko dute, desnibel handia gainditzeko.

Presidenteak nabarmendu du duela urte asko eman behar zitzaiola irtenbidea Belate eta Almandozko tunelen segurtasun arazoari: "Zor historikoa da inguru honekin, eta 15 urte baino gehiagoko atzerapena izan da tunel horiei buruzko erabakiak hartzeko orduan". 2019ko urrian, Nafarroako Gobernuak tunel horiek bikoiztea erabaki zuen.

Agerraldian, lehendakariak azpimarratu du tunelen bikoizketa "Nafarroak urteetan egingo duen obra publiko handiena" dela: "Lan honek eragin ekonomiko nabarmena izango du Foru Erkidegoan eta gure enpresetan. Lanaldi osoko 1.400 lanpostu baino gehiago sortuko ditu".

Bikoizteko trazadura berriak 7.647 metroko luzera izango du, eta lehendik dagoenaren ondoan egongo da, 30 eta 100 metro bitarteko tunel-tarteetan ardatzen artean bereizita. Egungo bidearen ezkerraldean kokatuko da. 27+040 kilometro-puntuan hasiko da eta 5 zati izango ditu: Belateko tunelaren aurreko aire zabaleko zatia; Belateko tunela; tunelen arteko aire zabaleko zatia; Almandozeko tunela; eta Almandozeko tunelaren osteko aire zabaleko zatia.

Obra hau egin bitartean, gaur egungo trafikoari eustea aurreikusten da, une jakin batzuetan izan ezik.

Tunel berriaren luzeraren %38,2k eraikuntza-zailtasun txikia edo oso txikia izango du (1.096 metro), % 25,5ek zailtasun ertaina (730 metro) eta % 36,3k zailtasun handia edo oso handia (1.040 metro).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!