Igoera txikia izan da atzoko eta pasa den asteko datuekin alderatuta, soilik sei kasu gehiago, baina kontuan hartu behar da dagoeneko aste eta erdi igaro dugula ehun kasuko langatik beheiti, beraz, une honetan, beheranzko joerarekin gaude, bariazioak ez baitira sobera larriak.
Atzo Nafarroa osoan egindako PCR eta antigenoen testetan 71 koronabirus kasu baieztatu zituzten: Tuteran sei, eta Antsoainen, Iruñeko Ermitagañan eta Azkoinen bosna, besteak beste. Positibo tasa %3koa da. Ez dira datu txarrak, eta Nafarroa beheranzko joera horretan aurrera egiten ari dela azpimarratzen dute.
Ospitaletako presioa ere baxua da, 93 pertsona daude ospitaleratuta, asko jaitsi da azken astean zifra hau; azken egunean baino hamalau gutxiago dira. Horietatik hemeretzi zainketa intentsiboetako unitatean koronabirusarekin larri dauden gaixoak dira. Atzo gainera ez zen heriotzarik erregistratu gaitzarekin, eta honetan ere, sumatzen ari da beherakada.
Neurrien leuntzea
Nafarroak neurriak arintzearekin aurrera jarraitzen du, eta gaur Nafarroako Gobernuak malgutze neurri berriak iragarriko ditu, asteazkenetako ohiko saioaren ostean. Pasa den urriaren 13tik itxita diren peña eta elkarte gastronomikoen ateak berriz zabalduko dituzte ostiraletik aurrera.
Pandemiaren arrisku maila erdiko mailara jaitsita, foru exekutiboak uste du gune pribatu eta itxi horiek berriz irekitzeko ordua dela. Neurriekin, mugekin izanen da, dena den. Distantzia tarte guztiak zaindu behar dira, musukoa derrigorrezkoa izanen da elkarte barruan eta edukeira %30ean finkatuko da. Neurriak ez die gazteen etxabeei eragingo, gobernuak hauek itxita mantentzea erabaki baitu.
Arrisku mailaren jaitsierak, halaber, ostalaritzan beste aurrerapausoren bat ekar dezake; ikustekoa da barrualdeen edukieraren handitzea izanen ote den edota ordutegiei eragingo dien. Hori eguerdian ezagutuko dugu; ohiko gobernu saioaren osteko agerraldian.