Gobernuaren kudeaketa goraipatu du beste behin Txibitek

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 18a, 11:24

Duela hilabete Kontuen Ganberak gobernuaren kudeaketaren inguruko txostena: arrazoizko kudeaketa egin dela uste du ganberak. Erronka gainditutzat eman du Txibitek. EH Bilduk "autokonplazentziazko txostena" dela kritikatu du.

Duela hilabete argitaratu zuen Kontuen ganberak COVID-19aren pandemiak lurraldeko kontu ekonomikoetan utzitakoaren inguruko txostena. Ganberak ondorioztatu du "arrazoizko kudeaketa" egin dela eta gaur eman du gobernuak txostenaren inguruko haren azalpena. Azterketa balitz pandemia, gainditu dutela uste du.

Pandemiari aurre egiteko kudeaketa egokia izan dela azpimarratu du Maria Txibite presidentean. Autokritika etengabe egin dutela adierazi du, eta ganberak emandako aholkuetatik hasi da presidentea. 

Autonomoentzako laguntzen onuradun izateko baldintzak egiaztatzeko prozedurei dagokienez, Txibitek aitortu du "lehen laguntzak premiazkoak" izan zirela, eta horrek ekarri zuela baldintzaren bat ez egiaztatzea, baina auzi hori ostalaritzarako eta turismoarentzako ondorengo laguntzetan ebatzi zela. Ganberak larrialdiagatik izapidetutako kontratazio-espedienteak formalizatzeko eta kontratazio-atarian argitaratzeko gomendioari dagokionez, Txibitek adierazi duenez, "oro har, izapidetutako eta onartutako larrialdi-espediente guztiak argitaratzen ari dira, eta baten bat falta bada, akats txiki batengatik izango da". Iaz, 225 milioi euroko faktura eragin zuen izurriak, eta kopuru horretatik 45 milioi (%20) lan kostuetara bideratu behar izan zituen administrazioak. 6.800 kontratazio egin behar izan ditu gobernuak. 

Bestalde, osasun-zentro pribatuetara egindako bideratzeei buruz hitz egin du, eta aitortu du martxotik ekainera bitarteko aldian ohe-erreserbak eragindako gastua uztailetik abendura bitarteko aldian baino handiagoa izan zela, eta alde hori "oheen eskuragarritasunaren ezagutzaren eta kontratazioaren kudeaketaren funtsezko hobekuntzari" egotzi dio.

Salbuespen horietan jarri du fokua oposizioak. EH Bilduk eskatuta eman ditu azalpenak. Ganberak egindako txostena "autokonplazentziazkoa" dela salatu du, eta aholkuak gehiago izan beharko liratekeela uste du. Alderdi abertzalea bereziki kritikoa izan da osasun zentro pribatuetara egindako bideratzeen kudeaketarekin. 

Navarra Sumak, berriz, benetako balorazioa egitea eta benetako gardentasuna izatea eskatu dio gobernuari. PSNren aurka izan dira Javier Esparzaren hitzik gogorrenak. Antzera egin du PSNk, eskuineko hirukoaren aurka. Eta gobernuaren kudeaketa egokia izan dela dioten puntuetan jarri du fokua: gobernuak osasuna lehenetsi duela azpimarratu duela ganberak.

Geroa Baik eta Ahal Duguk txostena izatearen garrantzia azpimarratu dute. Baina zorrean jarri dute fokua. Zorra handituko da, eta horri nola aurre egin aztertu beharko dute orain agintariek. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!