1521eko herri altxamenduen historiari argia emateko eskatu du Nafarroa Berriz Altxa-k

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 13a, 10:00
Nafarroa Berriz Altxa ekinbideko kideak, apirilaren 24ko agerraldian.

Nafarroa Berriz Altxa mugimenduak mozio bat erregistratu du Iruñeko Udalean, 1521ean izandako herri altxamenduen historia berreskura dezan, eta horietan parte hartu zuten nafarrak omentzeko elkarretaratze batera deitu du, maiatzaren 22rako.

Aste honetan 500 urte beteko dira Iruñeko herritarrak Gaztelako armadaren aurka matxinatu zirenetik, hiritik joan zitezen, 1512ko konkistatik 9 urte igarota haien independentzia nahia erakusteko.

Baina gertakari horiek oroitzeko hirian dagoen eskultura bakarra, Loiolako Iñigo gaztelar kapitainaren omenez eraikitakoa da. Diktadura garaian eraiki zen, eta zituen izkribu frankistak 2005ean kendu zituzten.

Onartezintzat jotzen dute herritarrak bonbardatu zituztenak hiri erdigunean oroigarri bat izatea, eta burujabetzaren alde matxinatu ziren herritarrek oroigarririk ez izatea.

Horregatik, bi ekinbide bultzatuko dituzte: Iruñeko Udalean mozio bat erregistratu dute, udalak gertakari horiei argia eman diezaien, izan ziren moduan onartuta, ahaztutako memoria berreskuratzea; eta haien omenezko eskultura multzo bat sor dezan. Eta maiatzaren 22an, larunbatarekin, 1521ean matxinatu ziren herritarrak omenduko dituzte, Nafarroako Artxiboaren parean.

Nafarroa Berriz Altxa herri ekinbidea apirilean aurkeztu zuten, 1521eko herri altxamenduen eta Noaingo eta Amaiurko guduen 500. urtemuga amutzat hartuta, Nafarroak "burujabetza berreskuratzeko beharra" duela aldarrikatzeko. Egitasmo nagusien artean, ekainaren 19an manifestazioa egingo dute, Iruñean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!