650 tontor, euskal presoak etxeratzearen alde

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 10a, 09:44

Sakanako herrietatik mendietara igo zirenek Fran Balda izan zuten gogoan. (@SareNafarroa)

Sare Herritarra plataformak dietuta, Euskal Herri osoko 650 mendi igo zituzten larunbatean, elkarbizitzarako eta bakerako bidea hartzearen alde. Nafarroan berrehun tontor baino gehiago igo zituzten. 

Sarek, Bake Bideak taldearekin batera antolatuta, Euskal Herriko 650 tontor igo dituzte asteburuan, presoen egoeraren inguruan egiten ari diren urratsak “etxerako bide bilakatzeko”.

Sareko kideak pozik agertu dira lortutako emaitzarekin, eta parte hartzaileak zoriondu dituzte, Twitter bidez: "Izugarriak atzo mendiz mendi jaso genituen Irudiak, 650 tontor igo genituen presoak etxeratzeko bidean, ibilian-ibilian. Aurrera goaz, baina oraindik bidea dugu egiteko".

Antolatzaileek adierazi dute “aldaketa garai bat” izaten ari dela espetxe politikan, “sakonekoa eta errokoa ez den arren, aurreranzko urrats gisa” irudikatzen dutena: “Egiten ari diren gerturatzeek ez dakarte urruntze politikaren amaiera, ez eta salbuespen legediaren deuseztapena ere; urteetan lehortea jasan duen lurrazal urratuan euri tanta bakanak dira”. 

Horiek horrela, euskal gizartea “aukera paregabe baten aurrean” dagoela nabarmendu dute, eta baliatu beharra dagoela, larunbatekoaren gisako ekinbideekin bultza eginez: “Euri tanta horiek ura egon badela adierazten dute, eta tanta horiek ez lirateke sekula iritsiko urte hauetan zehar kalean elkartu garen milaka eta milaka herritarren insistentziarik eta aktibaziorik gabe".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!