Larunbat gaueditik aurre ez da arau-estaldurarik izanen autonomia-erkidegoek oinarrizko eskubideen erabilera mugatuko duten murrizketak eman ahal izateko, batez ere mugitzeko askatasunari eragiten diotenak. Neurri horiek auzitegien berrespena behar dute. Nafarroako Gobernuak neurri sorta bat prestatu du, eta Nafarroako Auzitegiak zabaldu duenez, asteartean emanen du horien inguruko iritzia.
Neurri berriak jasotzen dituen Foru Agindua igandean sartuko da indarrean, eta maiatzaren 20ra bitarte iraungo du.
Horrela aldatuko dira koronabirusaren aurkako neurri murriztaileak:
Itxialdi perimetrala
Igandetik aurrera Nafarroako mugak irekiko ditu gobernuak. Nafarroatik atera eta Nafarroara sartzeko baimena izanen dute herritarrek, inguruko herrialde denek ere zabalik edukiko baitituzte. Muga itxita mantendu nahi zuen jaurlaritzak, baina Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak baztertu egin du lurraldearen itxiera perimetrala. Nafarrek, beraz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara joateko aukera izanen dute. Aragoik eta Errioxak ere zabaldu dute muga. Ez da etxeratze agindurik izanen erkidego horietan.
Ipar Euskal Herrira igarotzeko baldintzak ezberdinak dira. Mugatik 30 kilometrora edo gutxiagora bizi direnek muga zabalik izanen dute. Gainerakoek 72 ordu lehenago egindako PCR negatiboa beharko dute. Covid gaixoekin kontakturik izan ez dela aitortzen duen agiria ere bete behar da muga zehazkatzeko.
Udalerrien itxialdiak
Orain birusa kontrolatzeko udalerri mailan jardungo du gobernuak, eta, beharrezkoa balitz, herriak itxiko ditu. Birusari eusteko Alesbes, Cadreita, Lodosa eta Arbizun ezarritako perimetroaren itxiera ostiralean amaituko da. Funesen itxiera larunbatean iraungiko da. Nafarroako Gobernuak, Etxarri Aranatz eta Lakuntzako udalei kontsulta egin ondoren, bi herrietan ezarritako itxiera perimetrala beste astebetez luzatzea onartu du, COVID-19aren hedapena geldiarazteko. Alarma egoera altxatzearen ondorioz arau-esparru berria egokitu ondoren, ezohiko neurri horien lehen luzapena da.
Etxeratze agindua
Etxeratze aginduak gaueko 23:00etatik goizeko 06:00etara mantendu nahi du gobernuak. Auzitegien berrespena behar du erabakiak; beraz, gutxienez asteartera arte indarrean izanen da.
Ostalaritza
Tabernen eta jatetxeetako terrazak gaueko 22:00etara arte egongo dira zabalik, baina birusaren intzidentziak behera egin arte, ordea, ez dituzte lokalen barrualdeak irekiko.
Nafarroako Gobernuak murrizketak leuntzeko plan bat aurkeztu dio ostalaritzari, eta horren arabera, sektoreak pixkanaka bere zerbitzuak ireki ahal izango ditu. Malgutze prozesua igandean hasiko litzateke, alarma egoera amaitzen denean, terrazen ordutegia 22:00ak arte luzatuko baita. Hilaren 14tik aurrera barrualdeak irekiko dira, baina gosariak (13:00ak arte) eta otorduak (13:00etatik 17:00etara) egiteko bakarrik. Hurrengo astean, 21etik 27ra, ordutegiak afarietara arte luzatuko dituzte (19:00etatik 22:00etara).
Hurrengo urratsa, maiatzaren 28tik aurrera, barnealdeen irekiera baieztatzea izango litzateke, zerbitzua edozein dela ere, hau da, edari mota guztietarako. Ekainaren 11tik aurrera, barnealdeak eta kanpoaldeak gaueko 00:00ak arte irekitzea da plana, eta horrek, ordurako etxeratze agindua atzeratzea aurreikusten du.
Bilkurak
Etxe barruko bilkurak bi bizikidetza unitatetara zabalduko dituzte.
Edukierak
Merkataritza guneen eta ikuskizunen edukiera mugak ere ez dituzte aldatuko.