'Araxesen gainetik, Malloen azpitik' dokumentala estreinatuko dute maiatzaren 7an

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 4a, 14:21

Araizko udaletxean, Arriben, estreinatuko da, eta bi pase eginen dira. Lehena, arratsaldeko 19:00etan izanen da ekoizpenean parte hartu dutenentzako eta bigarrena, 20:30ean, herritar ororentzako.

Orain dela hamar urte Araitz eta Beteluko udalek Labrit Ondarearen bitartez euren udalerriko memoria immateriala biltzea erabaki zuten. 22 elkarrizketa horietan oinarrituta, ikusentzunezko honen bitartez, Araitz eta Beteluko ahozko memoriaren transmisio lana egitea erabaki dute udalek. Labrit Ondareak ekoiztutako ikus-entzunezkoa da. Bi udalen ahalegin ekonomikoaz gainera, ezinbestekoa izan da Beteluko Uraren babesa.

2020ko udan egin ziren ikus-entzunezkoaren errodaje lanak eta bertan 60 herritar baino gehiagok parte hartu zuten modu batera edo bestera. Batzuk aktore lanetan, beste batzuk, errekreazioetarako materiala prestatzen, mendiko irudiak jasotzen...

Maiatzaren 7an, Araizko udaletxean estreinatuko den dokumentalak, gure aitona-amonen ahotik joan den mendeko ohiturak, ogibideak, ospakizunak, harremanak, sinismenak eta askoz gehiago ezagutzeko aukera ematen du. Juanito Huarte, Esther eta Rosario Amondarain, Maria Otermin, Joxe Iriarte, Dolores Arraztio, Martin Otermin, Agustin Askarai, Rosario Saralegi, Graxian Olasagarre, Maria Estefania Irigoien, Juan Jose Goikoetxea, Begoña Saralegi, Txomin Otermin, Maria Dolores Goikoetxea, Anttoni Soravilla, Maria Josefa Buldain, Antton Arrizibita, Alejandro Yeregi, Francisco Soravilla, Jose Miguel Iribarren eta Feliciano Buldain izan ziren orain dela zenbait urte euren jakintzak partekatu zituztenak.

Dagoeneko, horietako zenbait ez daude gure artean, baina bailarako gaur egungo identitatea eta errealitatea ulertzeko altxorrik onena utzi ziguten, memoria. Guk ere gure ondorengoei transmititzen diegun bitartean, hilezkorra den memoria. Nekazaritza eta artzaintza lanen nondik norakoak erakutsi zizkiguten, malkorraren kontra pilotan aritzen zirenekoak, ihoteetan egin ohi zituzten antzara-jokoak, herrien arteko harremanak, ondoko herriko festetatik bueltan neska eta mutilen artean sortzen ziren hartu-emanak...

Baina baita kontu gogor eta ilunagoak ere, Aralarren ume-umetatik artzain izatearen gogortasuna, Gerra Zibila eta gero, Zaraten barna estraperloan aritzen zireneko pasadizoak, Elizak plazan “al agarrado” dantzatzea bekatutzat jotzen zuenekoa eta sorgin-ehiza.

Zugarramurdiko sorginkeria prozesuak bezainbeste oihartzun izan ez duen arren, hura bezain bortitza eta bidegabea izan zen Intzako herritarrek pairatu zutena. 1595. urteko lehen hilabeteetan 28 herritar atxilotu zituzten Espainiako Inkisizio prozesuaren baitan. Sorginkeria kontuak egozten zizkieten. 10 gizonezko eta 18 emakumezko. Tartean bederatzi, hamahiru, hamabost eta hamasei urteko lau neskato. Iruñeko espetxean eduki zituzten azaroan izan zen epaiketaren zain, baina horietatik hamabi ziegan bertan hil ziren. Bizirik epaiketara iritsi zirenen artean, Martin Barazarte txulubiteroa zegoen. Hark 100 azote jaso zituen eta 6 urtetarako urruntze agindua ezarri zioten. Gainerakoak, kargurik gabe oso egoera txarrean bueltatu ziren etxera eta gainera euren ondasunak bahitu zizkieten atxiloaldia ordaintzeko.

Garai hartan zabaldutako psikosi eta beldurrak hein handi batean, gertatutakoa belaunaldiz belaunaldi transmititzea eragotzi du. Eta sorginak pertsonaia mitologiko bihurtu izanak ere akaso ez du gehiegi lagundu. Baina gure aitona-amonek, Araizko Goierrin batez ere, eurek entzun dituzten sorginkeria kasuak ongi gogoan dituzte. Beldur eta lilura artean kontatutako istorioak dira. Batzuk egiaz gertatu zirela diote, beste batzuk kontakizunak baino ez direla.

´Araxesen gainetik, Malloen azpitik´ dokumentalaren bitartez omenaldi xume bat egin nahi zaie sorgin-ehizaren biktima izan ziren Intzako herritar horiei. Oraindik euren lanbide, sinismen, ospakizun eta ohitura asko eta asko ditugulako. Horietako batzuk jasotzen ditu ikus-entzunezkoak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!