Azken 42 egunetako kasu kopururik baxuena erregistratu dute Nafarroan

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 3a, 09:48

Foremeko txertatze gunea.

Txertaketa kanpaina abiada hartzen ari da: 250.000 dosi jarri dituzte, eta 75.000 herritar daude immunizaturik. Orduan 200 txertatzeko hitzordu lotzen ari dira.

Atzo 105 positibo atzeman zituzten Nafarroa garaian, herenegun baino bat gutxiago. Azken 42 egunotako daturik hoberenak dira. Osasun sistema publikoak 1.491 proba egin zituen atzo, beraz, positibo tasa %7ean kokatu zen, astebeteko daturik altuena.

Nolanahi ere, pandemiak heriotzak eragiten segitzen du. Azken oharrean bost heriotzaren berri eman du gobernuak. Hiru pertsona hil ziren atzo, 81, 80 eta 76 urteko hiru gizon, eta aurreko egunetan bi heriotza izan zirela jakinarazi du, 78 eta 75 urteko bi gizon. Nafarroan, guztira, 1.171 heriotza baieztatu dira.

Bestalde, 190 gaixo zeuden atzo COVID-19agatik ospitale-sareko zentroetan, aurreko egunean baino lau gutxiago. Horietako 36 ZIUn. Atzo zortzi pertsona ospitaleratu zituzten koronabirusarekin lotuta, horietako bat ZIUn.

Txertaketa kanpaina gutxiaka-gutxika abiada hartzen ari da. Dagoeneko 250.000 dosi jarri dituzte, eta 75.000 herritar daude immunizaturik. Foremeko dei gunetik orduan 200 txertatzeko hitzordu lotzen ari dira, astelehenetik igandera, goizeko 08:00etatik gaueko 00:00etara. Gaur Parlamentuko Mahaian arrisku talde gehiago txertatzeko aukera aztertuko dute.

Itxaron zerrendak

Bestetik, pandemiak kalte batzuk zuzenean eragiten ditu, eta beste batzuk, berriz, zeharka, eta zeharkakoak ere ezin atzendu. Mediku espezialistetarako itxaron zerrendak bikoiztu egin ditu koronabirusak, eta lehen kontsultarako batez besteko itxaronaldia 39 egunetik 82ra igaro da. 47.000 nafar daude lehen kontsulta baten zain, duela urtebete baino 15.000 gehiago.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!