Bilera lehen hartu-emana izan da, eta Foru Gobernuak konpromisoa hartu du mota horretako ekitaldiak antolatzeko protokolo-proposamen bat egiteko eta federazioari helarazteko, prebentzio-neurriei, erkidego osoko jardueren koordinazioari eta udalen lankidetzari dagokienez adostasuna lortze aldera, "udan arrisku-egoerak saihesteko".
Javier Remirez gobernuko presidenteorde eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilaria eta Santos Indurain Osasun sailburua izan dira bileraren buru, eta hainbat ordezkari izan dira, bai udaletakoak, bai sailetakoak, datozen hilabeteei begira ikuspegi orokorra eta partekatua bilatzeko.
Hala, Maria Amparo Lopez Barne zuzendari nagusiak, Jesus Maria Rodriguez Toki Administrazioko zuzendari nagusiak, Carlos Artundo Osasuneko zuzendari nagusiak, Marian Nuin Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko gerenteak, Juan Carlos Castillo FNMCko presidenteak, Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Agoitz, Martzilla, Antsoain, Aranguren eta Aurizberri herrietako errejidoreek parte hartu dute.
Nafarroako egoera epidemiologikoa eta asistentziala, osasun-adierazleak eta -datuak eta jarraitzen ari den estrategia balioetsi eta partekatu ondoren, parte-hartzaileak bat etorri dira "hurrengo udako egunetan kutsatzeko arriskua ahalik eta gehien murriztearen" garrantzian.
Era berean, parte-hartzaileek azpimarratu dute beharrezkoa dela "zaintza ez jaistea eta prebentzio-neurriak ez lasaitzea, nahiz eta txertaketak aurrera egin edo neke orokorra gailendu".
Nafarroako Gobernuak, federazioak eta parte hartu duten udalerriek hitzartutako lanari eusteko konpromisoa hartu dute, "uda honetan COVID-19ari aurre egiteko neurri prebentiboei buruz hitz egiteko".