Arbizu, Etxarri-Aranatz, Lodosa eta Alesbes, itxita

Euskalerria Irratia 2021ko api. 15a, 07:39

Arbizu

Nafarroako Gobernuaren erabakiz, Arbizu, Etxarri-Aranatz, Lodosa eta Alesbes itxi dituzte gauerdian. Ordutik, bederatzi udalerritako biztanleak ezin dira beste herri batzuetara mugitu, justifikatutako arrazoiengatik ez bada. 

Osasun Departamentuak emandako datuen arabera, azken hamalau egunetako intzidentzia tasa metatua lau herrietan da 1.000tik gorakoa, azken egunotan kutsatzeak nabarmen ugaritu ondoren, eta  tasak 2.000ren langa gainditzen du horietako hirutan.

Arbizun erregistratu dituzte daturik larrienak: azken hamalau egunetan 3.621 laguni atzeman diete birusa 100.000 biztanleko. Etxarri Aranatzen eta Lodosan, intzidentzia metatua zertxobait txikiagoa da, 2.158koa Etxarrin, eta 2.047koa Lodosan; eta Alesbesen, berriz, 1.178.

Itxieraz gainera, Osasunbideak baheketak egingo ditu. Etxarri-Aranatzen bi adin tartetako pertsonak deituko dituzte baheketan parte hartzera: 15 eta 29 urte artekoak eta 45 eta 64 artekoak. Alesbesen ere egingo dute baheketa, 15 eta 29 urte arteko biztanleekin.

Neurria bi astez izango da indarrean, gutxienez. Herri horietako bitako, Arbizuko eta Etxarri-Aranatzeko alkateek, Javier Razquinek eta Silvia Marañonek, erabakia ulertzen dutela adierazi dute, baina herritarren artean "urduritasun handia" sumatzen dutela. 

Izan ere, Sakanako herriren bat ixten duten lehen aldia da; erabakia Osasun Departamentutik hartu dute, udalekin koordinaturik.

Javier Razquin Etxarri-Aranatzeko alkateak esan du herritarrak "oso kezkatuta" daudela, baina argi du egoera larria zela, eta zerbait egin beharra zegoela. Uste du neurria eraginkorra izango dela, eta bi asteren ondoren altxatzeko aukera izango dela. Silvia Marañon Etxarri-Arantzekoak ere aitortu du herritarrak urduri sumatu dituztela, eta zalantza ugari daudela, baina nahasmena lehen egunen ondoren bukatuko dela uste du.

Beraz, neurria indarrean sartu denetik, guztira, 19.000 nafar ezin dira euren herritik irten, justifikatutako arrazoiengatik izan ezik. Neurria bi astez izango da indarrean, apirilaren 29ra arte; une horretako epidemiologikoaren arabera, luzatzeko edo aldatzeko aukera izango da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!