Nafarroak Covid-19 gaitzaren 189 infekzio kasu berri atzeman zituen atzo, asteazkenarekin, aurreko egunean baino 24 gutxiago, Osasun Departamentuaren behin-behineko datuen arabera. Atzo 2.554 proba egin zituzten Foru Erkidegoan, PCR eta antigenoen artean, eta positibo tasa ere %7,4ra jaitsi zen.
Herriz herri, Funes izan zen kasu gehien erregistratu zituena atzo, 10 kasu. Jarraian daude Arrotxapea (9), Burlata eta Donibane auzoa (8), Tutera, Berriozar, Irurtzun eta Barañain (7), Antsoain eta Corella (6), eta Arbizu, Sanduzelai, Txantrea eta Buztintxuri (5). Iruñeak 48 pilatu zituen guztira, lautik bat.
Santos Indurain kontseilaria kezkatuta agertu zen atzo pandemiaren bilakaerarekin; izan ere, pandemiak gazteenei eragiten die eta ospitalean egoera larriagoan sartzen ari dira. Hala ere, txanponaren beste aldean, heriotzak ez dira handitzen ari.
Era berean, Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuko azken datuek nolabaiteko itxaropena dakarte, erakusten baitute txertoak eraginkortasuna izan duela dagozkion dosiak jaso dituzten pertsonak babesteko. Hala, txertoarekin Nafarroan saihestu diren kutsatzeak eta ospitaleratzeak ehunka izan dira dagoeneko.