ZIUetako presioa hirugarren olatukoa baino handiagoa da

Euskalerria Irratia 2021ko api. 12a, 10:02

Nafarroako ospitalgunea.

37 pertsona daude Nafarroako zainketa intentsiboetako unitateetan, kopururik handiena iazko azarotik. Hiru heriotzaren berri eman du gobernuak.

Nafarroak 197 koronabirus kasu berri atzeman zituen atzo, aurreko egunean baino bederatzi gutxiago, Nafarroako Gobernuaren behin-behineko datuen arabera. Positibo tasak ere apur bat behera egin du: atzo 2.003 proba egin zituzten, PCR eta antigenoen artean, eta ondorioz, positibo tasa %9,8koa da. Tutera (hamabost kasu), Etxarri Aranatz (hamalau) eta Iruñea (47) dira kasu gehien baieztatu dituztenak.

Aste Santuko oporraldia amaitu da, eta Nafarroako egoera epidemiologikoa kezkagarria da. Hautemandako kutsatze kopuruak %27 egin du gora astebetean, egunean batez beste 215 positibo izateraino, eta zainketa intentsiboen unitatean ospitaleratutako pazienteen artean hirugarren olatuko daturik txarrenak gainditu dira.

Atzo koronabirusarekin lotutako 7 ospitaleratze izan ziren, horietako bi ZIUn, eta heriotza bat izan zen, 76 urteko gizon bat eta aurreko egunetako beste bi heriotza, 86 urteko gizon bat eta 95 urteko emakume bat. Guztira, 1.140 pertsona hil dira Nafarroan.

Kasuen ugaritzeak ospitaleko presioa ere handitu du, eta horrek kezkatzen ditu bereziki osasun agintariak. Aste Santua baino lehen 120 paziente zeuden ospitaleratuta, eta joan den larunbatean, berriz, 193. Kritikoen unitateei dagokienez, bi hilabete baino gehiagotan izandako kopururik okerrenak daude: gaur egun 37 pertsona daude ZIUetan, eta oheen %27,61 daude okupatuta.

Azken 14 egunetako intzidentziak gora egiten jarraitzen du: oporrak hasi aurretik Nafarroak 100.000 biztanleko 292,20 kasu zituen 14 egunetan, baina atzo 400 baino gehiago izan zituen. Kopuru horiek oso urrun daude normaltasunean sartzeko gomendagarriak diren 25 kasuetatik, eta urrun daude, halaber, arrisku maila oso altua ezartzen duen 250eko zenbakitik.

Sintomak agertuz gero, osasun-sistemarekin harremanetan jartzea

Osasun departamentuak herritarrei esan die COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak agertuz gero (sukarra, eztula, arnasteko zailtasuna, usaimena edo dastamena galtzea, beherakoa, giharretako, eztarriko edo buruko mina), garrantzitsua dela osasun-sistemarekin ahalik eta lasterren harremanetan jartzea, transmisio-katea garaiz mozteko eta miaketa-lanak errazteko. Funtsezkoa da, halaber, pertsonek isolamenduak betetzea.

Txertaketaren aurreikuspenak: Iruñean 18.700 laguni baino gehiagori jarriko zaie txertoa

Aste honetarako txertaketa-aurreikuspenei dagokienez, aste honetan 70-79 eta 60-65 adin tartekoen txertatzearekin jarratuko dute. Ondoren, 69 urtera arte luzatuko da.

Gaurtik aurrera, "COVID-19arekin gaixotasun larria izateko arrisku oso handia" duten pertsonei ere txertoa jartzen hasi dira (hemodialisia, tratamendu onkologikoak, transplantatuak eta Down-en sindromea duten pertsonak), ospitale-sarearekiko lankidetzari esker. Ospitaleko zerbitzuek jartzen dituzte harremanetan pertsona horiekin txertoa jasotzeko, eta, behar izanez gero, RNA dosiak izaten dituzte. Txertoa gaur jarri dute Tuterako CHN zentroan eta Reina Sofia Ospitalean, eta Lizarrako Garcia Orcoyen Ospitalean eta Foru Erkidegoko beste zentro eta gune batzuetan jarraituko dute.

Arguedasek, Cadreitak eta Milagrok itxita jarraitzen dute

Azkenik, gogoratu beharra dago Aste Santuan Arguedas eta Cadreita konfinatu egin dituztela, kutsatze eta positibo tasan handiak erregistratu dituztelako, baita Milagro ere, lehenago itxi zutena, martxoaren 26an.

Egoera horrekin, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen Aste Santurako ezarritako Covid-19aren aurkako neurriak luzatzea; besteak beste, tabernen barrualdea itxita egotea eta etxe barruko topaketak bizikideetara mugatzea. Murrizketa horiek hilaren 22ra arte egongo dira indarrean, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren arabera, betiere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!