Nafarroak 60 urtetik beherako pertsonak AstraZenecarekin txertatzeari utziko dio

Euskalerria Irratia 2021ko api. 8a, 10:18

60-65 urte bitartekoen txertaketak aurrera jarraituko du. Osasun Publikorako Batzordeak laster aztertuko du bigarren dosia nola emango zaien lehen dosia jaso dutenei.

Nafarroak, Sendagaien Europako Agentziaren eta txertoen Lantaldearen gomendio teknikoetan oinarritutako lurralde arteko batzordearen akordioari jarraituz, AstraZenecaren txertoa erabiltzen jarraitzea erabaki du 60-65 urteko adin tartean, baina bertan behera utzi du 60 urtetik beherakoei ematea, herritar horiekin nola jokatu aztertzen eta erabakitzen den bitartean.

Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, Foru Erkidegoan ez da oraindik adin horien populazioaren orokorraren txertaketara iritsi, eta bigarren mailako osasun zerbitzuetako eta oinarrizko zerbitzuetako 60 urtetik beherako pertsona gehienek lehen dosia jasoa dute. Hala, atzerapenak datozen egunetan "hitzordu gutxi batzuei" eragingo diela ziurtatu dute. Gorabehera horren eraginpean dauden pertsonek hitzorduak bertan behera uzteko jakinarazpena jasoko dute, lurralde arteko batzordearen erabakiaren ondoren.

Nolanahi ere, Osasun Departamentuak adierazi duenez, erabaki hori hartzea aholkatu duten txosten teknikoek oraindik ere uste dute detektatutako ondorio kaltegarriak "oso txikiak" direla: Europar Batasunean eta Britainia Handian emandako 35 milioi dosien artean 222 tronbo kasu. Beraz, "lasaitasun mezu bat" helarazi nahi diete hilabete hauetan AstraZenecaren lehen dosia jaso duten pertsona guztiei, zeinak, gainera, "%70 inguruko immunitatea" ematen baitu.

Osasun Publikorako Batzordeak laster aztertuko du nola jardungo den bigarren dosiaren gainean kolektibo horientzat; nolanahi ere, garuneko zainetan edo sabelaldean koagulo formako erreakzioen ehunekoa "oso txikia" bada ere, txertoa hartu eta hurrengo hamalau egunetan sintoma posibleei adi egoteko aholkatu diete. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!