Maiatzetik aurrera aztarnari gutxiago edukiko ditu Nafarroak koronabirusaren arrastoa arakatzeko. 102 ari dira gaur egun lanean. Maiatzetik, aurrera, 85 izanen dira. Hamazazpi gutxiago. Hala salatu zuen atzo Nafarroako arakatzaileen taldeak, eta murrizketa baieztatu du osasun departamentuak.
Bilatzaileen ordezkariek prentsaurreko bat eskaini dute Forem eraikinaren kanpoaldean, bertan egiten dira miaketak, langileen aldaketa kritikatzeko. Gehieneak irailean iritsi ziren, lan kontratu laburrak egin zizkieten, eta egoera dela eta etengabe berritu zaie. Orain martxoaren amaieran jakinarazpen bat jaso dute, apirilean miaketa kontratuak berrituko ez dituztela esanez.
Langileek salatu dutenez, langileen %80 eta %90 artean ordezakatuko dituzte, bloketan, hamarretik bederatzi berriak izanen dira. Eta ohartarazi dutenez, kontratatuko dituztenak ez dute gaian esperientziarik. Gobernuak, ordea, ziurtatu du egun lanean ari diren berdinak ariko direla maiatzetik aurrera, baina onartu du gutxiago izanen direla. Gobernuari "kanpoko presioak" egin dizkiotela salatu dute, ordea, aztarnariek.
Aldaketa, beste edozein testuingurutan bidezkoa eta beharrezkoa izango litzatekeela diote, baina lanpostu honen berezitasuna dela eta, aldaketak izan ditzakeen ondorioak tragikoak direla uste dute langileek. Bozeramailearen esanetan, "talde berri bat osatzeak denbora eskatzen du eta kasuak, balizko akatsak eta kontaktuen galera atzeratzea dakar".
Gregorio Atxutegui Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari gerenteak eman ditu gobernuaren izenean azalpenak. Osasun Sistemako zuzendariak azaldu duenez, apirilaren 30ean amaituko da Covid kontratazio prozesua Nafarroako Osasun Zerbitzuan, eta "prozesu hori ez doa" arakatzaileekin, horiek zerrenda laburretakoak direlako eta kontratazioa "errazagoa" delako. Prozesu horrek beste zerrenda batzuei egiten die erreferentzia, luzeak, eta beste funtzio batzuetarako.
Prozedura horretan, zenbait arlo indartzea aurreikusi du, adibidez, txertaketa arloa, eta beste batzuk murriztea. Miatzaileen kasua litzateke hori.
Baina Covid-19aren aurkako borrokan "miaketaren garrantzia" azpimarratu dute azternariek. Lan horri esker, kutsatze-kateak detektatu eta moztu daitezkeelako, birusa hedatzen jarraitzea eragotziz.
Gaia, une delikatu batean iritsi da. Laugarren olatuaren erdian, aurrekoa baino kutsakorragoa eta kontrolatzeko zailagoa den aldaera baten eragina nabaria denean.