158 kasu erregistratu dira Nafarroan, baina positibo tasa %5etik jaitsi da

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 25a, 10:01

Baieztatutako kasu guztietatik 21 Milagron erregistratu zituzten atzo; herri hori itxita egongo da gauerditik aurrera.

Atzo, asteazkenarekin, 3.184 proba egin zituzten Foru Erkidegoan, PCR eta antigeno testen artean, eta horietatik 158k eman zuten positibo. Horrek %4,9ko positibotasun tasa eman du, Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia "kontrolpean" izateko mugatzat jotzen duena baino puntu bat txikiagoa.

Kasu guztien artean 21 Milagron atzeman dizute, eta dagoeneko hamalau egunetan 1.800eko intzidentzia du. Hori dela eta, gauerditik aurrera herri hori itxita egongo da –Nafarroak aspaldi hartzen ez zuen neurri bat–, eta tabernak ere itxiko dituzte.

Kasuen eguneroko zerrendan, Milagroren atzetik daude Buztintxuri (10 positibo), Antsoain (8), Sanduzelai (7), Tutera eta Sarriguren (6), Bigarren zabalgunea, Donibane, Urdiain eta Valtierra (5) eta Arguedas, Lodosa, Arrotxapea eta Txantrea (4). Iruñeak 44 kasu batu zituen guztira.

Bestalde, 95 gaixo zeuden atzo COVID-19agatik ospitale-sareko zentroetan, aurreko egunean baino lau gehiago. 19, ZIUn. Atzo koronabirusarekin lotutako hamar ospitaleratze izan ziren, horietako bat ZIUn, eta ez zen gaixotasunaren ondorioz inor hil. Nafarroan 1.121 heriotza baieztatu dituzte guztira.

Txertaketa: 106.002 dosi

Txertaketa-prozesuaren azken datuei dagokienez, atzo 3.124 dosi eman ziren, eta, beraz, 106.002 txerto eman dira, orain arte jasotako 120.245 txertoetatik. Txertoa osoki hartu duten pertsonak 34.245 dira, atzo bigarren dosia jaso ondoren. 

"Laugarren olatuaren atarian"

Aste honetako lehen hiru egunetan positiboek ia %90 egin dute gora aurreko astearekin alderatuta. Aldaera britainiarraren kasuak gora egiten ari dira Foru Erkidegoan urtarrilaren erdialdetik, eta aztertutako laginen %85 andui horretakoak dira dagoeneko, Santos Indurain Osasun kontseilariak atzo emandako datuen arabera.

Faktore horrek, neurriak lasaitzearekin eta gizartearen nekea bezalako faktoreekin batera, hainbat astetan kontrolpean egon diren datu epidemiologikoak korapilatzea eragin du, eta, hala, kontseilariak ohartarazi du Nafarroa "laugarren olatu baten atarian" dagoela, eta "egoera kontrolatzea lortu" beharra dagoela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!