Nafarroak apirilaren 9ra arte luzatu ditu murrizketak

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 24a, 15:21

Ostiraletik aurrera, esparru pribatuko topaketak bizikidetza-unitatera mugatuko dira, lau pertsona bildu ahalko dira espazio publiko itxietan, eta sei, kanpoan. 

Nafarroako Gobernuak apirilaren 9ra arte (ostirala) luzatzea erabaki du azken araudietako edukiera-murrizketak, itxitura perimetrala eta gaueko mugikortasuna, baina neurriak gogortzea aztertzen ari da COVID-19aren pandemiak goranzko joerarekin jarraitzen badu. Ildo horretan, gogora ekarri behar da Nafarroan azken 14 egunetan metatutako intzidentzia atzo 100.000 biztanleko 166,46koa izan zela, Estatuko batez bestekoa (129,55 kasu) baino handiagoa.

Era berean, ostiral honetatik, martxoaren 26tik, apirilaren 9ra arte (biak barne), joan den astean, martxoaren 17tik 21era, ezarritako mugak berreskuratu dira: gehienez 6 pertsona bildu ahalko dira eremu publiko irekietan, lau lokal publikoen barruan, bizikidetza-unitatea soilik topaketa pribatuetan, eta %30eko edukiera mantenduko da ostalaritza-establezimenduen barruan.

Azken astean kasu positiboetan izandako gorakada ikusita, eta Espainiako Gobernuak eta autonomia-erkidegoetako ordezkariek Osasuneko Lurralde arteko Kontseiluan adostutakoarekin bat etorriz, Foru Gobernuak birusari eusteko prebentzio-neurriak ziurtatzea erabaki du, eta neurri horiek, gutxienez, Aste Santuaren ondorengo astera arte luzatuko dira. Horrek guztiak ez du eragotziko egunez eguneko egoera epidemiologikoa aztertzea eta neurri murriztaileagoak hartu behar izatea pandemiaren goranzko bilakaerari eusteko.

Edukiera eta topaketei buruzko neurriez gain, iragaitzazko leku publikoetan egiten diren bilerak eta epe horretan egiten diren manifestazioak baldintzatu edo debekatu ahal izango dira, baldin eta deitzaileen aurretiazko jakinarazpenean ez bada bermatzen kutsatzeak prebenitzeko behar den distantzia pertsonala.

Eta, azkenik, ez da aldaketarik egin etxeeratze aginduan: 23:00etatik 6:00etara debekatuta izanen da, orain bezala, etxetik ateratzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!