Positibo kopuruak gora egiten jarraitzen du: gaur 150eko langa gainditu da

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 24a, 10:05

Covid-19 kasu berriek gora egin dute berriro Nafarroan, 171ra arte. Positibo-tasa %5,5koa da. Milagron neurriak gogortu dituzte.

Atzo, guztira, 3.095 proba egin zituzten, PCR eta antigenoen testen artean, eta horietatik 171k eman zuten positibo; beraz, %5,5ko positibo tasa izan zen. Milagron, Acedon eta Mendazan egindako baheketa bereziek emaitza kezkagarriak uzten dituzte: hogei, sei eta hiru positibo izan dira, hurrenez hurren.

Baheketaren ondorioz, Milagro izan da udalerrien eta oinarrizko osasun eremuen artean positibo gehien izan dituena, baina azpimarratu behar da deitutako pertsonen %62 baino ez zirela joan proba egitera. Herri horren ondoren daude Tutera ekialdea, zazpirekin (10 dira guztira Tuteran); Sarriguren, Acedo, Sanduzelai, Donibane eta Buztintxuri, seirekin; Antsoain, Ermitagaña eta Valtierra, bostekin; eta Elizondo, Burlata, Txantrea, Zangoza eta Barañain, laurekin.

Osasun Sistema Publikoko osasun-profesionalei dagokienez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, gaur egun sei positibo aktibo daude, eta azken astean lau kutsatu berri izan dira. Ia 13.000 profesionalek osatzen dute plantilla.

Aste honetan, kasuek ia %70 egin dute gora aurrekoarekin alderatuta, eta azken hamalau egunetan pilatutako intzidentzia 180 kasu ingurukoa da, hilabete batean izandako daturik txarrenak.

Bestalde, atzo 91 gaixo zeuden COVID-19agatik Foru Erkidegoko ospitale-sareko zentroetan, aurreko egunean baino bat gutxiago. Horietako 18 ZIU postuetan daude. Atzo koronabirusarekin lotutako sei ospitaleratze izan ziren, horietako bi ZIUn, eta ez zen gaixotasunaren ondorioz inor hil. Nafarroan 1.121 heriotza baieztatu dituzte guztira.

Txertaketa: 102.878 dosi

Txertaketa-prozesuaren azken datuei dagokienez, atzo 2.373 dosi eman ziren, eta, beraz, 102.878 txerto eman ziren, orain arte jasotako 120.245 txertoetatik. Txertoa hartu duten pertsonak 32.280 dira, eta horietatik 907k atzo jaso zuten bigarren dosia.

Milagroko ezohiko prebentzio-neurriak

Osasun Sailak, Milagroko Udalari kontsulta egin ondoren, ezohiko neurri sorta bat onartu du ibaiertzeko herri horretan COVID-19aren hedapena geldiarazteko. Kutsatzeen eta positibotasunaren indize handiak ditu Foru Erkidegoan, eta goranzko joera nabarmena ikusten da.

Udalerrian, 3.400 biztanletik gora, azken 14 egunetako intzidentzia metatua 1.873 kasukoa da 100.000 biztanleko; azken 7 egunetan, berriz, 1.610 kasu izan dira. Atzo baheketa egin zitzaien 44 eta 64 urte bitarteko biztanleei, birusari eusteko prozesuan sakontzeko, eta 20 kasu positibo izan dira.

Metatutako intzidentzia handia eta udalerriaren kutsatze-kopuru handia dela eta, beharrezkoa ikusi dute neurri murriztaile osagarriak hartzea, hala nola ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduen barrualdeak ixtea eta udalerrira sartzeko eta handik irteteko pertsonen mugikortasuna mugatzea (ez, ordea, etxebizitzena), perimetro-konfinamendu batean. Neurriak martxoaren 26an (ostirala) sartuko dira indarrean, 00:00etan (ostegunetik ostiralerako gauerditik aurrera), eta bi asteko iraupena izango dute, apirilaren 11ra arte, egun hori barne.

Neurri horiek luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira, egoera epidemiologikoaren arabera.

Ez dute ostalaritza itxiko

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak atzo adierazi zuen, "une honetan" gobernuak ez du Aste Santurako ostalaritzaren barnealdea ixteko asmorik, baina neurri hori ez dute "inoiz baztertu", eta, beraz, "bilakaera aztertzen” jarraituko dute.

Gobernuak aurreikusi du Aste Santurako gutxienez 80 urtetik gorako guztien lehen dosiarekin amaitu izana, eta Txibitek adierazi zuenez, “uda amaitzean” Covid-19aren aurkako txertoa herritarren %70ek txertoa jasota izatea espero dute; uda hasieran, berriz, %40 eta %60 artean.

Gaurtik aurrera, Nafarroak AstraZenecarekin txertatuko du berriz ere, eta 55 urtera arte txertatu ziren, eta 65 urtera arte luzatu ziren funtsezko taldeekin jarraituko da; osasun arloko profesionalak, soziosanitarioak, psikologoak edota fisioterapeutak. Foru Gobernuak berretsi duenez, "AstraZenecaren txertoa eraginkorra eta segurua dela frogatu da, eta txertaketak aurrera egiten duen heinean berretsiko da hori".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!