Gazte migratzaileei buruzko bizikidetzako heziketa proiektu bat aurkeztu dute: 'Rasmia'

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 11a, 09:07

SEI eta Transpirenaica entitateek, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, ikasgeletan lantzeko dokumental bat sortu dute, Nafarroara bakarrik heldu diren gazte migratzaileen errealitatea ezagutarazteko, gizarteratzean aurrera egiteko. 

Proiektuaren hanka nagusia Nafarroara bakarrik iritsi diren zenbait nerabe eta gazteren esperientziak, emozioak eta gogoetak erakusten dituen dokumental bat da. 6 lagun agertzen dira, eta agertoki gisa Erriberriko zubia jarri dute, gizartean hori behar dela adierazteko, zubiak, eta ez hormak.

Dokumentala egin ondoren, eskoletan lantzeko baliagarria zela ikusi zuten. Eskola guztietara bidali dute, gida batekin batera, ikastetxe bakoitzak erabakitzen duen moduan landu dezan.

Gazte horiek bizi eta sentitzen dutena erakustea du helburu, gizarteak bakarrik dauden adingabe gisa ikusteari uzteko, baizik eta diren pertsona gisa, izen-abizenekin, sentimenduekin eta bizipen gogorrekin. Horrela, guztiontzako lekua izango duen gizarte bat eraikitzeko.

Rasmia hitza aukeratu dute izenbururako, adorea, irmotasuna eta indarra esan nahi duelako, eta ezaugarri horiek definitzen dituztelako gazte horiek.

Proiektuaren aurkezpenean protagonistetako bat izan da, Lahcen Ben Abdessallam. Duela bi urte iritsi zen Marokotik, gaztelaniaz jakin gabe; azaldu duenez, hasieran bere esperientzia txarra izan zen, baina egokituz joan da, jaso duen laguntzari esker. Egun igeltserotza ikasten ari da, eta pozik dago.

Nafarroan 200 gazte inguru bizi dira Lahcenen antzeko egoeran, gehienak 16 eta 18 urte bitartekoak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!