Alderdien eta sindikatuen babes zabala jaso du torturaren aurkako mobilizazioak

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 5a, 13:01

PSN eta Navarra Suma ez beste parlamentuan ordezkaritza duten talde guztiek bat egin dute biharko mobilizazioarekin. ELA eta LAB sindikatuek ere parte hartzera deitu dituzte langileak.

Geroa Baik mozio bat aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan, Espainiako Gobernuari Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko eskatzeko, "estatu demokratiko bati eska dakiokeen gardentasuna eta proportzionaltasuna bete dezan".

Blanca Regulez koalizioko legebiltzarkideak ohar batean adierazi duenez, "iraganeko gertaerak, hala nola Estatuak diktadura frankistan egindako ekintzak, trantsizioa, 1981eko otsailaren 23an gertatutakoak, Mikel Zabalzaren desagerpena eta heriotza edo GALen hilketak lege honetatik behin betiko atera behar dira". "Hamarkaden ostean, kasu horiek eta beste batzuk ezin dira isiltasunez eta inpunitatez estalita egon. Gizarteak zer gertatu zen jakin behar du eta merezi du. Desklasifikazioa ezartzen da higiene demokratikoagatik ", adierazi du.

EH BIlduk, berriz, bideo bat zabaldu du atxikimendua emanez deialdiari.

Nafarroan izandako tortura kasuen erantzukizun politiko guztiak argitzeko eskatu du Ahal Duguk. Mikel Zabalzaren hilketaren arduradunak epaitu gabe jarraitzea "onartezina" dela uste du alderdi moreak. "Nola liteke Guardia Zibileko kapitain batek kuartelean gizon bat hil arte torturatu dutela argi eta garbi baieztatzea?", galdetu du Ainhoa Aznarez Igarza legebiltzarkideak grabazioak bere garaian epaiketan kontuan hartu ez izanari buruz.

Ohar bidez eman du bere iritzia ere Ezkerrak. Koalizioak  bat egin du torturaren aurkako larunbateko manifestazioarekin eta mozio bat aurkeztuko du, Estatuari poliziaren bulegoetan "torturaren aurkako prebentzio neurriak" hartzeko eskatuz

Langileei deia

Sindikatuek ere bat egin dute torturaren aurkako aldarriarekin. ELAk adierazi du tortura ikertzea, aitortzea, erreparatzea eta, batez ere, ez errepikatzeko bermeak ezartzea ezinbestekoa dela. LABek berriz, bideo batean torturatuak izan diren haren ordezkariak bildu ditu, deialdiaren berri emateko. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!