Kongresuak atzera bota du Zabalzaren hilketari buruzko Defentsa Ministroaren agerraldia

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 4a, 15:24

"Espainiako Gobernuaren eskumenetik kanpoko gaiei buruzkoa izango litzateke, aurreko legegintzaldi bateko gobernu baten jardueren balorazioa eskatzen delako", argudiatu du Kongresuak. EH Bilduk egin zuen eskaera.

Diputatuen Kongresuak Margarita Robles Defentsa ministroaren agerraldiari jarritako betoa salatu du Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak. Ezkerreko indar subiranistak jakinarazi duenez, Kongresuko Mahaiak eragotzi egin du Roblesek azalpenak ematea Luis Alberto Perote zerbitzu sekretuetako koronel ohiak Mikel Zabalzaren hilketan izandako inplikazioaren inguruan. EH Bilduri igorritako idazkian, Kongresuak honako argudio honekin arrazoitu du bere erabakia: "Aurreko legegintzaldi bateko Gobernu baten jardueren balorazioa da eskatzen dena. Espainiako Gobernuaren eskumenetik kanpoko gaiei buruzkoa izango litzateke".

EH Bilduk larritzat jo du egitasmoa baztertu izana: milaka euskal herritarrek jasandako tortura sistematikoaren aurrean, 78ko erregimena blindatzea eta zigorgabe mantentzea baita helburua. Agerraldi eskaerari betoa jartzeak areagotu egiten du Espainiako Estatuko botere-egituren isiltasuna eta inpunitatea, biktimen mina gutxiesteaz gain torturen errealitate gordina ukatzen jarraitzen duelako, gertatutakoa ikertzeko eta aitortzeko pauso irmoak eman beharrean. Eusko Jaurlaritzak egindako txosten baten arabera, 4.200 kasu baino gehiagori eragiten dien praktika sistemiko bat da izan da tortura 1960 eta 2014 artean.

Torturaren erabilerak erabateko zigorgabetasunean jarraitzen du, aitortua, argitua, ikertua eta erreparatua izan gabe, biktimek urteetan eskatu duten bezala. EH Bilduren Kongresuko bozeramaileorde Oskar Matuteren iritziz, Estatuaren gabezia demokratikoen benetako erakusle da agerraldi eskaera atzera bota izana: "Ulertezina da 'gobernuaren eskumenetik kanpoko gaitzat' jotzea polizien parte-hartzea eta zigorgabetasuna ikertzea tortura kasu egiaztatuak daudenean".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!