ELAk zaintza "publiko eta duina" aldarrikatzeko hirugarren greba eguna egin du

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 4a, 13:16

Izai Bujanda, gaur, hedabideen aurrean adierazpenak egiten. (@ELAnafarroa)

Manifestazioa Nafarroako Berdintasun Institutuaren aurrean amaitu dute, euren aldarrikapena borroka feministarekin estuki lotuta dagoelako, eta deialdiaren balorazio positiboa egin dute. 

Egoera bereziki ahulean dauden pertsonak zaintzen dituzten hainbat sektore zeuden deituak grebara: hala nola adinekoak, adingabeak, dibertsitate funtzionala dutenak edo gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan daudenak zaintzen dituztenak.

ELAk balorazio positiboa egin du, baina kritikatu du, beste behin ere, gobernuak %100eko zerbitzu minimoak ezarri dituela, eta horrek zaildu egiten duela greba egiteko aukera. "Oso baldintzatua egon da greba egin ahal izateko eskubidea, zerbitzu minimo horien ondorioz", adierazi du Izai Bujanda, ELAko zaintza arloko arduraduna.

Aurreko bi greba egunetan egin bezala, salatu dute zaintza enpresa pribatuen esku dagoela, eta horiek onura ekonomikoa lehenesten dutela; gainera, diru publikoarekin finantzatuta. Finean, logika neoliberalak agintzen duela, eta eredua agortua dagoela. "Emakume langileengan sostegnatzen da zaintza, eta emakume hauek prekariezatuak daude, enrpesa pribatu batzuek ezartzen dituztelako baldintzak. Enpresa hauek etekin ekonomikoa dute helburu". 

Horren ordez, zaintzak publikoa, duina, unibertsala eta doakoa izan behar duela aldarrikatzen dute. Eta hori heldu aurretik, Nafarroarako lan hitzarmen propio bat eskatzen dute. Izan ere, zentro gehienak estatu mailako lan-hitzarmen baten bidez arautzen dira, eta baldintzak desegokiak dira, Izai Bujandak azaldu duenez: "Estatuko hitzarmenak asko prekariezatzen ditu langileak: besteak beste, 1.800 orduko urteko lanaladia dute, 1.000 eurotara ozta-ozta iristen dira, eta asteburu bakarra dute atsedenaldi bezala; ratioak ere ez dira egokiak, ezta zerbitzuak emateko denbora...".

Guztiz premiazkotzat jotzen dute sektorea publikoa egitea, eta Nafarroako egoitzen lehen hitzarmena egitea, baina argi dute hori ez dela lortuko gaurkoa bezalako mobilizaziorik gabe.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!