Txikipedia, orain, mugikorrean ere bai

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 3a, 18:45

Haur eta gaztetxoentzako entziklopedia askea, Txikipedia, mugikorretan ere eskuragarri dago.

2018an jaio zen Txikipedia, haur eta gaztetxoentzat egokitutako euskarazko Wikipedia, horiei egokitutako lexiko eta sintaxiarekin egina. Entziklopedia txiki eta aske horrek ​Vikidia​ izeneko online wikientziklopedia izan zuen oinarrian, eta ia lau urteko ibilbidean 3.000 artikulu inguru izatera iritsi da.

Tresna hau ahalik eta eskuragarri eta erabilgarrien egiteko asmoz, mugikorretarako aplikazioa sortu dute orain,​ CodeSyntaxen laguntzarekin. Aplikazio hau Android eta iOSetan erabil daiteke, eta Txikipediaren azalean bertan eskuratu daitezke deskargarako loturak, ​txikipedia.eus-​en. Aplikazio horren bidez, edozein kontsulta modu erraz eta azkarrean egin ahalko da, mugikorra erabiliz.

8 eta 13 urte arteko gaztetxoentzat

Txikipedia 8-13 urte bitarteko gaztetxoentzat da batez ere, eskolako beharretan pentsatuz egina baita, baina edozeinek kontsultatzeko modukoa ere bada, noski. Wikipediaren bertsio laburtu edo errazago bat da Txikipedia, batzuetan Wikipediako artikuluak luzeak, konplexuak eta zailak izaten direlako.

Wikipedian bezala, Txikipedia wiki proiektuan ere edonork parte har dezake artikuluak idatziz, aldatuz edo osatuz, informazioa gehituz edo zuzenduz. Auzolanean eraikia da orain arteko guztia eta hala izango da hemendik aurrerakoa ere. Gaztetxoek editatzen ikastea eta ekarpenak egitea ere bada helburua,​ modu horretan auzolanaren balioa landuz eta jakintza digitala elkarrekin sortzearen garrantzia ulertuz. Horretarako, jadanik badituzte hainbat elkarlan martxan eta etorkizunean gehiago izatea espero dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!