Sakanak duen 305,5 km karratuko azaleran, 20.000 pertsona inguru bizi dira. 1960tik 2011.urtera bitarteko 50 urteko epean, hango 149 herritarrek salatu dituzte torturak eta tratu txarrak funtzionario publikoen zaintzapean zeudenean. Datu horrek erakusten du oraindik orain indarrean dagoen gatazka politikoari hertsiki lotzen zaion errealitate lazgarri horren dimentsioa.
Baina, Arg(h)itzen proiektuaren bultzatzaileek salatu duen moduan, oraindik orain Nafarroan ez dago torturaren errealitatearen inguruko ikerketa ofizial osaturik. 2020 urteko otsailean Nafar Gobernuak 1960 eta 1978 urteko tartean egiaztatutako 169 tortura kasu aztertzen zituen txostena aurkeztu zuen, baina 1978. urtetik aurrerakoa ikertu gabe dago, Nafarroako Auzitegi Nagusiak Nafarroako Legebiltzarrak martxan jarritako egitasmoa geldiarazi eta gero.
Euskal Memoria Fundazioak dokumentatutako kasuen arabera, 600 nafar herritarrek baino gehiagok jasan dute tortura 1960 urtetik 2010 urtera bitartean. Milatik gora izan daitezkeela uste da.
Ondorioz, gizartetik bertatik bultzatutako ekimenei zor diogu orain arte jakin duguna. Hain zuen, Arg(h)itzen dokumentalarekin, ahalegin kolektibo erraldoi horri “ekarpen xume bat” egin nahi diote.
“Arg(h)itzen dokumentalak, tortura pairatu duten Sakanako herritarrek bizitakoaren testigantzetatik abiatuta, eta zuzenbidean, psikologian eta osasun zientzietan zein komunikazio politikan adituak diren hainbat profesionalen laguntzarekin, torturaren praktika ahalbidetu duen “eraikuntza” politiko, legal, judizial eta ideologikoa ikertu eta jendarteratu nahi du. “Torturaren praktika ikusezin eta zigorgabe izatea posible egin duen tresneria eta konplizitate sarea azaleratzen laguntzeko”.
Helburu nagusia, beraz, gertatu den egia ezagutzen laguntzea da, jakitun inork ez duela egia osoa, inork ezin duela ukan gertatutako guztiaren oroimen osoa.
Proiektua aurrera ateratzeko finantzaketa kolektiboa martxan jarri dute, verkami webgunearen bitartez. 10.000 euro beharko dituzte, eta dokumentala 2022an pantailaratu ahal izatea aurreikusten dute.