Mikel Zabalzaren torturen eta heriotzaren kasua Europako Parlamentura heldu da

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 2a, 17:15

Gertakarien inguruan eta Espainiak torturaren inguruan izan duen jarreraz galdetuko diote batzordeari.

Pedro Gomez Nieto orduko Guardia Zibileko kapitainaren eta Juan Alberto Perote CESIDeko arduradunaren artean grabazioa zabaldu ondoren, Mikel Zabalzaren torturak eta heriotza Europako Parlamentura iritsi dira, Batzordeari horren inguruan galdetzen dioten bi ekimenen bidez.

Pernando Barrena (eh Bildu), Izaskun Bilbao (EAJ), Diana Riba (ERC), Jordi Sole (ERC), Toni Comin (Junts), Clara Ponsati (Junts) eta Miguel Urban (Antikapitalistak) europarlamentariek sinatu dute horietako bat. Jaurlaritzak 2017an egindako txostenak gutxienez 4.113 tortura kasu jasotzen dituela eta Estrasburgoko Auzitegiak Espainiako Estatua torturak ez ikertzeagatik hamaika aldiz zigortu duela ekarri dute gogora, eta kasu horietatik zazpi Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak egin dituela, Auzitegi Nazionaleko epaile zenean.

Batzordeak gertakarien berri duen eta zer iritzi duten galdetu dute eurodiputatuek, eta ea baduen mekanismorik Espainiako Estatuak EBko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 4. artikulua bete dezan, atxiloketetan tortura debekatzeari buruzkoa.

Era berean, europarlamentari talde horrek jakin nahi du Batzordeak egokitzat jotzen duen "torturak ez ikertzeagatik zazpi kasutan epaile instruktorea izan den pertsona bat gaur egun Europar Batasuneko gobernu bateko Barne ministro izatea".

Halaber, Idoia Villanueva Unidas Podemoseko europarlamentariak galdera bat aurkeztu dio Batzordeari, Mikel Zabalzaren inguruko audioen berri izan ostean: "Gobernu demokratikoetan ustezko hilketak, torturak eta polizia-bulegoetan egindako delituak, oraindik ikertu eta argitu gabe daudenak, normaltasun demokratikotzat" jotzen dituen.

Horrekin batera, azpimarratu du Diputatuen Kongresuak "sekretu ofizialen legearen erreforma" egin behar duela, "Francisco Franco diktadoreak aldarrikatutako arau bat, edozein dokumentu desklasifikatzea eragozten duena, Gobernuaren berariazko baimen baten pean ez bada; horrek esan nahi du, de facto, 'Erreserbatutako gaiak' ez direla inoiz preskribatzen eta ezinezkoa dela herritarrek informazioa eskuratzea, oinarrizko eskubide bat baita". Mikel Zabalzaren senideek eta poliziaren indarkeriaren beste biktima batzuek behin eta berriz eskatu dute dokumentuak desklasifikatzea, gertatutakoaren egia jakiteko.

Halaber, Villanuevak gogorarazi du Nafarroako Parlamentuak sakon ikertzeko eskatu duela torturen inguruko egia eta 1985ean Mikel Zabalzaren heriotzan gertatutakoa ezagutzeko, eta azpimarratu du 'Non dago Mikel?' Dokumentalak "sendotzat jo nahi den demokrazia orotan itxi beharreko zauri ireki bat" adierazten duela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!