Nafarroako Parlamentuak aho batez onartu du Zabalzaren kasua iker dezatela eskatzea

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 1a, 11:25

Parlamentuko mahaiak adierazpen instituzional bat onartu du, Gomez Nieto eta Peroteren audioaren edukia sakon iker dezatela eskatzeko, Mikel Zabalzaren hilketaren inguruko egia argitzeko.

Testua Izquireda-Ezkerrak, Ahal Duguk eta EH Bilduk aurkeztu eta aho batez onartu dutena, eskatzen du Gomez Nieto eta Peroteren solasaldi lazgarriaren audioa agertu ondoren, haren edukia sakon iker dezatela, Mikel Zabalzaren hilketaren inguruko egia jakiteko.

Adierazpenaren sinatzaileek azpimarratu dutenez, audioak erakusten du, Mikel Zabalza torturapean hil zutela, eta halaber, kasu hau, Lasa eta Zabalarena bezala, "ez direla kasu isolatuak, baizik eta tortura praktika sistematiko bat izan dela, jarduteko modu bat, helburu politikoekin eta zigorgabetasunarekin". Horregatik, tortura osostasunean ikertzeko eskatu dute.

Geroa Baik, bere aldetik, Zabalzaren heriotzaren inguruan galdetuko dio osteguneko osoko bilkuran Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariari. Maria Solana parlamentariak txalotu egin du parlamentuak gardentasunaren eta egiaren eskakizunarekin bat egin izana, eta zigorgabetasunarekin amaitzeko garaia dela esan du.

Ainhoa Unzu PSNko parlamentaria mugatu da esatera du gertatutakoa ikertzeko eta argitzeko bidea ireki behar dela.

Navarra Sumak ere adierazpenaren alde egin du, baina polemika sortzeko aukera baliatu du, EH Bilduri leporatuz tortura “ikaragarria” dela esatea, eta ez egitea gauza bera ETAren indarkeriarekin lotuta. 

Edonola ere, adierazpenak aurrera egin du, eta balio nabarmena du, kontuan hartuta orain aho batez baino ezin direla onartu. Beste adierazpen instituzional bat ere onartu dute, gaixotasun arraroen munduko egunarekin bat egiteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!