Pablo Iglesias: "Demokrazia batek ezin du onartu tortura mekanismo prozesal gisa"

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 1a, 09:58

Pablo Iglesias eta Irene Montero, Amaia Merino eta Miguel Angel Llamasekin (@AhotsaInfo)

Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Ahal Duguko buru Pablo Iglesiasek Non Dago Mikel? dokumentalaren Madrilgo estreinaldian parte hartu du, eta Espainian torturatu dela eta hori Espainiako demokraziarentzat lotsagarria dela esan du.

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Bartzelonan, Madrilen eta Burgosen pantailaratu dute asteburuan Mikel Zabalzaren auzia aztertzen duen pelikula, arrakasta handiz; izan ere, asteburuan bosgarrena izan da Espainian pelikularik ikusienen zerrendan.

Horretaz gain, tokia hartu du agenda politiko eta mediatikoan. Madrilgo estreinaldian, Espainiako Gobernuko presidenteorde Pablo Iglesiasek eta Berdintasun ministro Irene Monterok parte hartu zuten.

Filmaren emanaldiaren amaieran, Amaia Merino eta Miguel A. Llamas Pitu zuzendariekin izandako solasaldian, Pablo Iglesiasek hartu zuen hitza, Espainiako estatuaren torturaren praktika salatzeko. Iglesiasek gobernuko kide moduan esan nahi izan zuen tortura "onartezina" dela prozedura judizialean, Espainian torturatu egin dela, eta hori "lotsagarria" dela Espainiako demokraziarentzat.

Mendiak ere izan du auzia hizpide

Asteburuan, halaber, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta PSEko buru Idoia Mendiak ere hitz egin du pelikulaz asteburuan. Zehazkiago, pelikularako dokumentazio lanetan azaleratu diren Alberto Peroteren eta Pedro Gomez Nietoren arteko torturari buruzko grabazioez. Mikel Zabaltzaren auzia azkeneraino ikertu behar dela esan du, baita tortura onartezina dela ere. Mendiak dio Mikel zabaltzaren auzia ikertu beharra dagoela, dena argitu arte. Eta bere alderdi indarkeria mota guztien aurka dagoela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!