Hezkuntza legeak lanbide-heziketako irakasleei eragin dien ziurgabetasunaz ohartarazi dute sindikatuek

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 23a, 12:50

Hezkuntzako mahai sektorialeko LAB, STEILAS, AFAPNA, ANPE, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek bilera eskatu diote Nafarroako Gobernuari gaia lantzeko: “Nafarroako Administrazioak Hezkuntza Ministerioaren aurrean defendatuko dituen irizpideen zehaztapenean parte hartu nahi dugu”.

Hezkuntzako Mahai Sektorialeko sindikatuek bilera bat eskatu dute berriro Hezkuntza Departamentuko arduradunekin, Nafarroako Lanbide Heziketako irakasle gehienek bizi duten ziurgabetasun-egoera aztertzeko, Hezkuntzari buruzko Lege berria indarrean sartu ondoren. Lege horretan, Lanbide Heziketako Irakasleen kidegoa desagertzear dagoen kidego bezala jasotzen da sektorea, azaldu dutenez.

Joan den urtarrilaren 19an sartu zen indarrean Lege Organiko berria, eta 11. Xedapen Gehigarrian ezartzen da desagertzear dauden Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoak Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoan sartzea. "Gai horrek zalantza ugari sortzen ditu une honetan lanean ari diren, ordezkapen zerrendetan dauden edo prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa egiten ari diren irakasleen egoerari dagokionez", azaldu dute sindikatuek.

Hezkuntza Departamentuak jakinarazi zien, xedapen horren edukia garatzeko, Hezkuntza Ministerioak autonomia-erkidegoetako arduradunak deituko zituela, eta dagoeneko egin da bilera hori. Era berean, ziurtatu zitzaien bilera horretan landutakoaren berri emango zitzaiela. Horregatik, Hezkuntza Departamentuari informazioa eskatu diote jorratutakoari buruz eta Nafarroako Gobernuak gai horretan duen jarrerari buruz. Sindikatuen ustez, "funtsezkoa da informazio hori argitzea" eta Nafarroako Gobernuak egingo duen proposamena lantzea. "Halaber, lehentasunezkoa da etorkizuneko Lanbide Heziketaren Legearen edukia ezagutzea, Nafarroako Lanbide Heziketako irakasleei nahitaez eragingo dieten alderdiak bilduko baititu", adierazti dute..

"Erantzukizunagatik", Hezkuntza Departamentua gai horiek guztiak lantzen aritu behar dela uste dute sindikatuek eta, eragingo dien irakasleen ordezkari gisa, haien aurreikuspenak eta proposamenak ezagutu behar dituztela defendatu dute: "Nafarroako Administrazioak Hezkuntza Ministerioaren aurrean defendatuko dituen irizpideen zehaztapenean parte hartu nahi dugu".

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!