Nafarroan pentsioen %40 800 eurotik beherakoak dira

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 23a, 12:08

Pentsiodunen elkarretaratze bat, Nafarroako Parlamentuaren aurrean, 2019an.

CCOO sindikatuko azterketa batek ondorioztatu du Nafarroako pentsioen batez besteko kopurua estatukoa baino altuagoa izan arren, horien %40 800 eurotik beherakoak direla, eta emakume pentsiodunek gizonek baino %37 gutxiago kobratzen dutela.

Nafarroa da Estatu osoan bataz besteko pentsiorik altuena duen laugarren erkidegoa, 1.182 eurorekin, baina 55.698 pertsonak 800 eurotik beherako pentsioa jasotzen dute, eta 70.919 ez dira mila eurotara iristen, CCOOek emandako datuen arabera. Pentsio horiek ez dute ahalbidetzen pobreziatik ateratzea, sindikatuak salatu duenez.

Genero arrakalari lotutako datuak bereziki kezkagarriak dira. Andre pentsiodunek %37 gutxiago kobratzen dute, alegia, 547 euro gutxiago. Sindikatuaren ustez, 50 urtetik gorako emakumeen artean dagoen partzialtasunak eta behin-behinekotasunak eragiten dute ezberdintasun hori. Izan ere, gizonen kasuan, adin tarte horretan, partzialtasun tasa %3,2koa den bitartean, emakumeen kasuan %25,7koa da. Estatu osoko tasarik handiena da tarte horretan.

Horrek soldata arrakala eta desberdintasunak betikotzen ditu erretiroa hartzeko unean ere, eta partzialtasunaren arrazoietako bat zaintza lanen zama den arren, ez da arrazoi nagusia, sindikatuak nabarmendu duenez. Izan ere, adin horretako emakumeen %47,8k lanaldi partziala dute ez dutelako lortu lanaldi osoko lanpostu bat, bilatu arren. 

Sistema publikoa

Pentsio sistemaren gabeziei aurre egiteko, Mariano Rajoyren gobernuaren 2013ko erreforma bertan behera uzteko eskatu dute, eta pentsio sistema publikoa indartzeko. Hala, pentsiodunen erosteko ahalmena lehengoratzea galdegin dute, igoerak KPIra lotuz; kotizazioengatiko diru sarrerak handitzea, eta 50 eta 64 urte bitarteko partzialtasuna eteteko plan espezifiko bat ezartzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!