Atzo arratsaldetik aurrera baldintza meteorologikoak aldatu dira; iparraldeko haizeak eta euriak tenperatura jaistea eragin dute, eta euria ere izan da. Ondorioz, itzali egin da Nafarroa, Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugaren eremuan larunbatean piztutako sutea.
Datozen ordu eta egunetan, izandako kalteak zehatz-mehatz ebaluatuko dituzte. Behin-behineko neurketen arabera, 1.800 hektarea inguruko eremuari eragin dio suteak, horietatik erdiak foru erkidegoan. Ingurumen teknikariek eta baso Zaindegiko langileek zuhaiztietan duten eragina egiaztatuko dute. Sugarrak abiadura handian zihoazenez, litekeena da enbor askoren kasuan kanpoko geruza bakarrik erre izana, denbora labur samar bero handiaren eraginpean egon direlako, foru gobernuak jakitera eman duenez.
Dispositibo zabala
Nafarroako Gobernuak Basoko Suteen Arrisku Planeko bigarren fasea ezarri zuen larunbatean. Nafarroatik, Cordovilla eta Oronozko parkeetako suhiltzaileak, Bera eta Lesakako suhiltzaile boluntarioak, eta basozainen zerbitzuko suhiltzaileak aritu dira sua itzaltzeko lanean. Gainera, Espainiako Gobernuari laguntza eskatu zioten, eta UME larrialdietarako unitate militarra ere bertaratu zen eremuan.
Gipuzkoan, berrogei suhiltzaile eta basozain inguru aritu ziren lanea; Lapurdin, berriz, 96 suhiltzaile.