Osasunbidean 400 milioi euro gehiago inbertitzea proposatu du ELAk

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 15a, 15:24
Osasunbidearen egoera kezkagarria da ELA sindikatuaren iritziz: inbertsio, osasun arloko langile eta materialen defizit handia dago Europako ingurunearekin alderatuta, eta azken hamarkadan bost plaza finkotik bat suntsitu da.

ELAk salatu du Osasunbidearen kolapsoa pandemiaren aurreko arazo estrukturalen ondorioa dela, eta osasun publikoa hobetzeko hainbat proposamen aurkeztu ditu.

Osasunbidearen egoera Europako batez bestekoa baino askoz txikiagoa den osasuneko inbertsioak baldintzatuta dagoela ohartazi du sindikatuak: "Urtean 400 milioi gehiago inbertitu beharko lirateke osasunean Europako batez bestekoa berdintzeko". 

ELAk Osasun publikoa hobetzeko, besteak beste, gastua Europar Batasuneko batez bestekoarekin parekatzea, sare publikoa sustatzea itunak murriztuz eta estaldurak handituz, lehen mailako arreta bultzatzea, plantilla handitzea eta behin-behinekotasunarekin amaitzea proposatu du. Horretarako, ELAk kalitatezko osasun-sistema publiko baten aldeko eta enplegu publikoa sendotzeko kanpaina jarriko du abian.

Egungo sistemaren gabezia nagusiak zerrendatu ditu txosten batean, eta horiei lotuta hobekuntzarako hainbat proposamen luzatu dizkiote gobernuari.

  • Ospitaleko oherik eza: ospitaleko oheen kopurua % 30 handitu behar da Nafarroan ELGEko batez bestekoa berdintzeko.
  • Osasun-langileen falta: ELGEren batez bestekoaren azpitik gaude osasun-langileei dagokienez.
  • Lan-baldintzen prekarizazioa: Osasunbidean langile finkoen 5 plazatik 1 suntsitu da azken hamarkadan, behin-behinekotasuna % 54,3koa da (sektore pribatukoaren ia bikoitza), eta langile finkoen % 64 baino gehiago 51 urtetik gorakoa da. Onartezina da egoera hori enplegatzailea Nafarroako Gobernua izanik.
  • Kolapsatutako lehen mailako arreta: aldez aurretiko saturazioari, Covid-19ren krisia eta baliabide eta langile nahikorik ez izatea gehitzen zaizkio.

Imanol Pascual ELAko Nafarroako koordinatzaileak kritikatu duenez, Nafarroako Gobernuak osasunaren babesa eta ekonomiari eustea uztartzean oinarritu du bere estrategia pandemiaren kudeaketan, funtsezkoak ez diren jarduerak geldiaraztearen aurka agertu zenean bezala, eta Pedro Santxezek ezarri behar izan zuenean itxiera hori.

Bestalde, Pascualek azpimarratu du erantzukizun indibiduala eskatzen dela etengabe erantzukizun politikoak, enpresek beren betebeharrak betetzen ez dituztenan dituzten erantzunkizunak edo osasun publikoaren sistema behar bezala ez indartzean dauden erantzunkizunak ezkutatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!