Castejongo ikastetxe publikoak PAI uzteko eskatu du, beste behin ere

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 8a, 09:34

Castejongo Dos de Mayo ikastetxea.

Zuzendaritzak azaldu duenez, eskaeraren atzean ez dago interes politikorik: PAI programa ikasleentzat "kaltegarria" dela dio. Ia erdiak behar berezietakoak dira, asko migratzaileak dira, eta gaztelania bigarren hizkuntza da haientzat.

Castejongo Dos de Mayo ikastetxe publikoak ingelesezko PAI programatik irtetea eskatu du, beste behin ere.

Joan den urtean gauza bera egin zuten. Orduan, Hezkuntza Departamentuak ezezkoarekin erantzun zion, programa uzteko plan zehatzik ez zuela argudiatuz; plana osatzeko beste aukerarik eman gabe. Nahiz eta bestelako eskaeretan departamentuak dokumentazioa osatzeko aukera eman ohi dien ikastetxeei.

Castejongo ikastetxea udalak eskatuta sartu zen PAI programan, Eskola Kontseiluaren irizpidearen aurka.

Honako honetan Dos de Mayo zuzendaritzak PAI uzteko plangintza zehatza prestatu du, Eskola kontseiluaren %100aren, kide guztien, sostenguarekin. Ikastetxeko webgunean eskegi dute.

Idazkian azaltzen dute PAI programa pedagogikoki kaltegarria dela haren ikasleentzat. Ia erdiak behar berezietakoak dira, asko migratzaileak dira, eta gaztelania bigarren hizkuntza da haientzat.

Adibide zehatzak eskaintzen dituzte: PAIren kontura, Natur eta Gizarte Zientzietan materia bi aldiz eman behar izaten dute, behin ingelesez eta beste behin gaztelaniaz, ikasleek uler dezaten.

Zuzendaritzak dio haren eskaeraren gibelean ez dagoela inolako interes politikorik. Argudio guztiak pedagogikoak direla. Eta Hezkuntza Departamentutik PAIn segitzeko argudio pedagogiko oinarritu bakar bat ere ez dutela jaso.

Castejongoa PAItik irteteko eskaera egiten duen lehen ikastetxea da, joan den legealdiaren amaieran, orduan Maria Solanaren esku zegoen departamentuak, hori egiteko aukera zabaldu eta gero.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!