Azterlan kualitatiboa da, parte hartu duten emakumeen errealitateak erakusten dituena, istorio komun bat osatzeko, memoria feministan pausoak emateko.
Eremu geografiko eta sozioekonomiko ezberdinetako 51 emakume elkarrizketatu dituzte, tartean baita genero indarkeria egoerak bizi izan dituztenak ere, besteak beste, eta bideo batean Bildu dituzte:
Bide
Eva Isturiz Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendari exekutiboak azpimarratu duenez, krisi testuinguruetan emakumeen eskubideak zalantzan jartzen dira, eta kasu honetan hala izan da.
Azterlanetik bildutakoen artean, ikusi da, konfinamendu garaian, genero indarkeriaren biktima izan ziren emakumeak kontrolatutagoa eta gainbegiratuta sentitu zirela, eta beldurra, tristura edo antsietatea areagotu egin zirela. Halaber, adineko emakumeek gaixotasuna hartzeko, beste pertsona batzuk kutsatzeko eta hiltzeko beldurrez bizi izan zuten konfinamendua. Beldur horrek, konfinamenduarekin batera, eragina izan zuen haren osasun emozionalean.
Gainera, emakume guztiek modu negatiboan bizi izan zuten beren sare afektiboekin ezin egotea. Faktore positibo gisa, azterlanak azpimarratu du bizilagunen arteko harremanak indartu egin zirela eta pertsona ahulenak zaintzeari lotutako ekimen ugari garatu zirela.
Ondorioak eta helburuak
Faktore horiek ikusita, instituak zenbait ondorio eta helburu atera ditu, abian jarritako lan-ildoekin bat datozenak:
- COVID-19ren inpaktuak agerian utzi du emakumeak direla zaintza sistemari eusten diotenak, batez ere, bai eremu pribatuan, bai etxean, bai eremu publikoan. Egoera hori iraultzeko eta erantzunkidetasunean aurrera egiteko, Nafarroako Gobernuak kontziliaziorako laguntzak indartu ditu, hala nola zaintzaileak kontratatzean egindako kenkariak, kontzientziazio-kanpainak abiarazi ditu eta Zainketen Foru Ituna lantzen ari da, zainketen aldeko tokiko itunak biziberrituz aldi berean.
- Halaber, azterlanak agerian uzten du telelana arautu behar dela, lan egiteko modu hori nahi duten eta har dezaketen emakumeentzat berdintasun-baldintzetan aukera bat izan dadin. Langile publikoen esparruan, Foru Gobernua lan ez-presentziala arautzen ari da Administrazioan.
- Era berean, funtsezkoa da 65 urtetik gorako emakumeei zuzendutako ahalduntze-programak sustatzen jarraitzea. COVID-19ren aurrean bereziki kaltebera den kolektiboa da, eta konfinamenduan ere erakutsi du gaitasuna duela une kritikoak eta ustekabekoak egokitzeko eta gainditzeko, eta errutina berriak planifikatu eta antolatzeko, erresilientziaren adibide bat izanik.
- Halaber, egiaztatu da emakume parte-hartzaile gehienentzat funtsezkoa izan dela zerbitzu eta baliabide publikoak eta komunitarioak izatea. COVID-19k sortutako egoerak areagotu egin ditu emakumeen aurkako desberdintasun diskriminatzaileak.