MTorres aeronautikan espezializatutako enpresa nafarrak eguerdian baieztatu dio enpresa batzordeari albistea. MTorres talde industrialak adierazi duenez, "aukera guztiak agortu ondoren" hartu dute Dorreko lantegiko 89 langile eta Murtziako lantegiko 75 langile kaleratzeko lan-erregulazioko espedientea aurkezteko erabakia, argudiatuz "aukera horiek hartu ezean, proiektuaren parte diren guztientzat epe ertaineko ondorioak okertu egin daitezkeela". Nafarroako enpresak berrikuntza-proiektu ugari ditu martxan, eta plantilla-murrizketaren prozesu horretan ez du ikerketa eta garapen dartamentua ukituko.
Aldi berean, koronabirusaren ondorioz irekita dagoen aldi baterako lan-erregulazioko espedientea berritzea aurreikusi du enpresak. Prozedura horrek 232 langileri eragingo die, 185 Dorreko lantegiakoak. Martxora arte dago indarrean une honetan langileen %30i eragiten dien lan erregulazio espedienteak. Kaleratzeak dituen enplegu-erregulazioko espedientea otsailaren 8tik martxoaren 14ra bitartean negoziatuko dute. MTorres CCOOko bost ordezkarik, ELAko hiru ordezkarik eta hiru independentek osatzen dute.
Neurri horiekin, "langileekiko, bezeroekiko eta hornitzaileekiko epe luzerako konpromisoa" bermatzen duela esan du MTorresek. "Merkatuen baldintza berrietara egokitzeko prozesu honetatik indartuta ateratzeko lan egingo dugu", gaineratu du. MTorres hainbat jarduera-sektoretarako ekipamendu-ondasunak eta mihiztatze-sistemak ekoizten dituen taldea da, eta sektore aeronautikoan pisu esanguratsua du, salmenten ehuneko 50 baino gehiago sektore horretan biltzen baitira.
Konpainiak ohar batean azaldu duenez, "sektore aeronautikoan ekipamendu-ondasunetan eta mihiztatze-sistemetan egindako inbertsioaren beherakadak gure konpainian eragina izan duen krisi sakon batean murgildu du". Ildo horretan, "azken bost urteetan egiturazko murrizketa %36koa izan da, eta epe ertainera datozen hiru urteetan %6ko errekuperazio moderatua aurreikusten da", gaineratu du.
MTorresen ustez, arazoak koronabirusaren krisia hasi aurretik hasi ziren. Boeingeko 737ko istripuek eta Airbusek modelo berriekin (A380 eta A400M) izan zituen arazoek krisi sakon batean murgildu zuten sektorea. Gainera, Espainiako Gobernuak Txinara esportatzeko hiru lizentzia ukatu dizkio MTorresi, Nafarroako enpresarentzat lehentasuna duen merkatuetako bat.
Kaleratzeak deitoratu ditu CCOO sindikatuak
Carlos Ibañez Alfaro enpresa batzordeko presidenteak azpimarratu duenez, "CCOOk martxoaren 15erako iragarritako kaleratzeak bihurtzeko lan egingo du borondatezko irteeretan edo erretiro aurreratuetan ". Ibañezen iritziz, "merkatuak egoera zaila bizi du", baina uste du Dorrekoa "etorkizuna eta proiekzioa" dituen planta bat dela. "Albiste txarra da zuzendaritzak 89 kaleratze iragartzea Dorreko lantegian, eta beste 75 Murtziako lantegian. Erabaki hori martxoaren 15etik 26ra bitartean negoziatuko da; horregatik, sindikatu gisa eskatuko dugu Nafarroako Gobernuak gure eskariak babestea".