Foro Sozialak "adostasun eta gehiengo berriak" eskatu ditu "bizikidetza demokratikoan" lan egiteko

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 27a, 12:58

Foro Sozialaren ordezkaritzak “Bizikidetza demokratikoaren eraikuntza Nafarroan. Aukerak eta zailtasunak” hitzaldi zikloaren ondorioak azaldu dizkio Nafarroako Parlamentuko Unai Uhalde presidenteari.

Foro Sozial Iraunkorrak uste du Nafarroako egungo legegintzaldiak "elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko beharrezko baldintzak" betetzen dituela, eta zentzu horretan "adostasun politiko berriak eta gehiengo berriak artikulatzen jarraitzeko" deia egin du. Fernando Armendarizek, Terexa Fagoagak eta Tasio Arrizabalagak osatutako Foro Sozial Iraunkorrak Unai Uhalde Nafarroako Parlamentuko presidenteari eman dizkio, asteazken honetan, 'Nafarroako bizikidetza demokratikoari buruzko jardunaldien' ondorioak.

Bilera amaitzean, Fernando Armendarizek esan du "bizikidetza demokratikoa eraikitzea eragile sozial, instituzional, akademiko, politiko eta sindikalek" partekatzen duten ideia bat dela, eta legegintzaldi honetan "adostasun politiko berriak eta gehiengo berriak artikulatzen jarraitzeko" tarte politiko, instituzional eta soziala dagoela, hiru esparrutan lan egiteko: "Diskriminazioarekin amaitzea eta biktima guztiei dagozkien eskubideak ematea; salbuespeneko espetxe-politika desaktibatzea; eta memoria kritiko, inklusibo bat eraikitzea".

Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak Bizikidetzarako Plan Estrategiko bat egiten hasteko hartutako erabakia baloratu du, eta Foro Soziala ekarpenak prestatzen ari dela gaineratu du. Horren aurrean, Armendarizek "kezka" agertu du "eztabaida politikoaren giro amorratuagatik", eta "talde parlamentario guztiei aukera hau elkarrizketarako eszenatoki hau eraikitzeko aprobetxatzeko" eskatu die.

Bizikidetzarako aukerak eta zailtasunak

Bestalde, Tasio Arrizabalagak foroak irailean eta urrian egindako azken jardunaldien nondik norakoak azaldu ditu. Lehenengo mahai-ingurua Daniel Innerarity Filosofia Politiko eta Sozialeko katedradunak, Helena Taberna zinemagileak eta Jorge Urdanoz Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbidearen filosofiako irakasleak egin zuten. Bigarren topaketan honako hauek parte hartu zuten: Maria Jauregi (ETAk hil zuen haren aita Tolosan), Naiara Zamarreño (haren aita ere ETAk Errenterian egindako atentatu batean hil zen), Belen Zabala (haren anaia Guardia Zibilak hil zuen Hondarribian) eta Olatz Etxabe (haren aita hil zuen a hirukoitzak).

Tasio Arrizabalagak adierazi duenez, lehenengo mahai-inguruan "ezberdinen arteko bizikidetzan aurrera egiteko politikan lortutako akordioen garrantzia" azpimarratu zuten. Biktimen topaketaren kasuan, parte-hartzaileek azaldutakoaren ondoren, ondorio gisa nabarmendu du "gizarte batek ezberdinen arteko zubiak eraiki behar dituela, gizarte justuago, hobeago eta enpatikoago baten oinarriak ezartzeko, eta arduradun politikoek konpromiso hori bere egin behar dutela eta biktimak aitortzeko balioko duten neurrietan zehaztu behar dutela".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!