Bakarrik dauden gazte migratzaileek bizi duten zaurgarritasun egoera salatu dute lau gizarte eragilek

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 22a, 10:15

Gazte bat, kalean eserita, telefonoa eskutan.

Nafarroako pobrezia eta bazterketaren kontrako sareak, Iruñea harrera hiriak, Paperak denontzat-ek eta Yoar elkarteak bakarrik dauden adingabe migratzaileei zuzendutako “benetako inbertsio bat” eskatu diote Nafarroako Gobernuari, zaurgarritasun egoeran baitaude haietako asko, 2020an piztutako krisiak eragindako aldaketengatik.

Azaldu dutenez, 2020an, pandemiaren eraginez, aldaketa handiak izan dira bakarrik dauden gazte  migratzaileen egoeran.  Hiru dira faktore nagusiak: adinez nagusi ziren gazteak kanporatu dituzte Gizarte Eskubideen Departamentuaren menpeko babes-sistematik, gizarteratzea bermatzeko Alfabetatze eta Aisialdiaren bidezko murgiltze komunitarioko programak desegin dituzte, eta eskumenak Migrazio Politiken Departamentura eraldatu dira, taldeen arabera, behar bezalako plangintza eta aurrekonturik gabe. Aldaketa horrek zaurgarritasun egoera latzean utzi ditu hainbat gazte, salatu dutenez.

Horrez gain, ekainean 25 gazte kaleratu zituzten babes zerbitzuetatik, eta salatu dutenez, kaleratze gehiago izan dira eta horren berri ez da publikoki eman. Irteerak planifikatzeko denbora gutxirekin jakinarazten diete kaleratzeak, eta gizarteratze prozesuak bat-batean eteten dituzte.

Gogoan izan dute, halaber, gazte hauek bereziki ahulak direla beren adinagatik (18 eta 25 urte bitartean daude) eta migratzaileak direnez, migrazio-dolua eragiteaz gain, ez dute familia- edo gizarte-sarerik, eta hizkuntza eta gizartearen egitura eta funtzionamendua ez dute ezagutzen.

Horregatik guztiagatik, Iruñea harrera hiria Paperak denontzat eta Yoar taldeek  Nafarroako Gobernuari konpromisoa sendotzeko eskatu diote, sistema publiko sendoa eta baliabide nahikoak sortuz, pertsona horiengan benetako inbertsioa eginez, 21 urte bete arte arreta emateko konpromisoari eutsiz, baliabideak beren beharrizan espezifikoetara egokituz, eta sistematik irteteko igarobide egoki eta mailakatuarekin.

“Irtenbidea eredu finko bat sortzea behar du; pertsonen harrera, esku-hartze espezializatua eta baliabideen planifikazio integrala bermatzen duena, horrez gain, pertsona horiek gure erkidegoan gizarteratzen direla bermatuko duen irtenbideen plangintza egokia egiteko protokoloa sortzea, eta sistematik kanpo daudenean gazte horien jarraipena egitea beharrezkoa izango da”, adierazi dute.

Salatu dutenez, Nafarroako Gobernuak ez du aurrerapauso garrantzitsurik eman arlo horretan, nahiz eta zenbait departamenturekin bilerak egin dituzten. Hala ere, irtenbideak bilatzeko lankidetzarako ateak zabalik utzi dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!