Eneko Barberenak jasoko du aurtengo (H)ilbeltza beka

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 22a, 08:42
Txalaparta, (H)ilbeltza eta Baztango Udaleko ordezkariak, eta saritua, atzo. ((H)ilbeltza elkartea)

Landa eremuan girotutako istorio bat jorratuko du. Aurten ez dute euskal nobela beltzaren astea egingo.

Eneko Barberenak irabazi du 2021eko (H)ilbeltza beka, Xukunetatik aldendu ahala izeneko proiektua aurrera eramateko. Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak antolatzen dute beka, euskal literatura beltza bultzatzeko, eta txandaka sormen eta itzulpen lanak saritzen dituzte.

Garazi Arrula Txapalartako editoreak, Joseba Otondo Baztango alkateak eta Miren Gorrotxategi (H)ilbeltza elkarteko ordezkariak osatutako epaimahaiak azaldu duenez, landa giroan kokatutako istorio bat jorratuko du Barberenak. Mendia eta larreak norenak diren eztabaidatuko du, horien erabilera ezbaian jarriz. Landa giroko bizimodua eta herritarren izaerak adierazteko egin duen ahalegina txalotu dute. Istorioa atal laburretan egituratuko du, eta horrek zein ahotsen aniztasunak irakurketa bizia egingo dutela ere adierazi dute.

Barberenak Igogailuak, Dow Jones eta beste droga batzuk (Apokaliftin Elkartea, 2002), Martin Larralde (Bonberenea Liburuak 2011) eta Afrikanerrak (Elkar, 2019) narrazio liburuak eta Lurrunak ez du oraindik kristalik estali (Gaztesarea, 2004) poema liburua argitaratuak ditu. Halaber, Periko gazteekin hizketan biografia kolektiboa koordinatu zuen (Txalaparta, 2015). Oraingo proiektua aurrera ateratzeko 6.000 euro jasoko ditu; urtebete izango du liburua idazteko, eta 2022an argitaratuko du, Txalaparta argitaletxearekin.


Aste honetan, 20tik 26ra, egitekoa zen aurtengo (H)ilbeltza euskal nobela beltzaren astea, Baztanen, baina testuingurua ikusita, antolatzaileek erabaki dute bertan behera uztea. Urte osoan mahai inguruak antolatzeko asmoa adierazi dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!