Joxemiel Bidador, idazle, ikerlari, euskal filologo eta Euskalerria Irratiko kolaboratzaile izandakoa, Nafarroako historia eta etnografiaren ezagutzaile handia zen. Hainbat urtez Egunkaria-ren Nafarkarian kolaboratzen aritu zen, eta 400 artikulu inguru argitaratu zituen, Nafarroako kultura herrikoia zabaltzeko.
Geroago, 1999an, lagun ez euskaldunengandik jasotzen zituen eskaera ugariak zirela eta, Diario de Noticias egunkarian ere idazten hasi zen. Nabarrikadas. Historia y folclore de Navarra liburu hau egunkari horretan argitaratutako testuen bilduma bat da.
Bidadorrek berak egin zuen artikulu horien bilduma, eta bertan oinarritu dira liburua osatzeko, eta egileari omenaldia egiteko, bere heriotzatik hamar urte bete direnean. Lana bi multzotan banatuta dago; lehenengoak Cincuenta viejas Historias de Navarra du izenburu, eta bigarrenak, Treinta temas de folclore y creencias populares. Berak maite zituen gaiak jorratzen zituen: euskara, literatura, folklorea, dantza, inauteriak… alegia, Nafarroako hamaika istorio eta bitxikeria.
Hitzaurrea Mikel Larramendik idatzi du, bere garaian Diario de Noticias egunkariko editorea zenak, eta azpimarratu du artikuluak bere testuinguruan ulertu behar direla, eta neurri handi batean Erriberarekin eta Tuterarekin zerikusia dutela, Bidador garai hartan han bizi baitzen. Dena den, duela 20 urte idatzitako testuak dira, baina ez dute gaurkotasuna galdu, eta beste hondar ale bat gehiago dira, Bidador eta bere lana hobeto ezagutzeko.