Iruñeko eta Nafarroako Erresumako errege-erreginen euskarazko izenak arautu ditu Euskaltzaindiak

Euskalerria Irratia 2020ko aza. 2a, 19:40

Euskaltzaindiak 192. araua argitaratu du: Iruñeko eta Nafarroako Erresumako errege‑erreginen izenak. Guztira, 42 errege-erregina izen dira. Tartean, Eneko Enekoitz edo Eneko Arista, Antso III.a Gartzeitz edo Antso Nagusia, Tibalt II.a edo Tibalt Gaztea, Joan II.a edo Joan Usurpatzailea, Zuria I.a, Joana III.a edo Joana Albretekoa.

Duela urte batzuk, Europako hainbat erresumatako errege-erreginen izenak arautu zituen Akademiak. Zehazki, 180. arauan (Goi Erdi Aroko pertsona-izenak. Germaniar jatorriko pertsona-izenak), 181. arauan (Erdi Aroko pertsona-izenak) eta 186. arauan (Atzerriko pertsona-izenak. Grafia‑irizpideak. Errege-erreginen eta kidekoen kasua), errege‑erreginen zerrenda xeheak ageri dira. Haien artean daude inguruko erresuma nagusi guztietako errege-erreginak, hala nola Aragoikoak, Frantziakoak, Gaztelakoak, Espainiakoak eta abar. Hala ere, Euskal Herriaren historian hain toki nabarmena izan zuten Iruñeko eta Nafarroako Erresumako errege-erreginen izenak ez dira arau horietan ageri, izen horiek bereiz eta xeheago landu eta plazaratu nahi baitzituen Euskaltzaindiak. Hutsune hori betetzera dator arau hau.

Arauak bi atal ditu. Lehenengoan, izenak emateko erabilitako irizpideak zehazten dira, patronimikoak emateko baliatutako irizpideak barne (Ramiritz, Gartzeitz...). Bigarrenean, errege-erreginen zerrenda ematen da, ordena kronologikoan, eta zenbait datu osagarri ere ematen dira izenaz gainera: errege-erregina bakoitzaren dinastia, kronologia-zenbakia, izengoitia(k), bizialdia, erreinaldia, ezkontide(ar)en izenak, seme‑alaben izenak eta errege edo erregina bakoitzaren gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko izenak. Guztira, 42 errege-erregina izen dira.

Gaztelak eta Aragoik 1512an Nafarroa inbaditu eta konkistatu ondoren, Gaztelako eta Espainiako errege-erreginak izan ziren Nafarroa Garaiko errege-erregina titularrak Nafarroako Erresuma ofizialki 1841ean desagertu zen arte. Nafarroa Beherean, bestalde, 1620an Nafarroako koroa Frantziako koroari atxikita gelditu zen, eta, harrezkero, Frantziako errege-erreginen noblezia‑titulua baino ez zen izan Nafarroako errege/erregina izendapena. Errege-erregina horien guztien euskarazko izenak lehendik arautuak daude, 186. arauan. Horregatik, ez dira oraingo zerrendan sartu.

Zerrenda kronologiko nagusiaz gainera, beste zerrenda bat ematen da arauan, alfabetoaren ordenan, eta kronologia-zenbakia erantsita, zerrenda nagusian berehala kokatu ahal izateko. Azkenik, gaztelania-euskara, frantsesa-euskara eta ingelesa-euskara zerrendak ere ematen dira, alfabetoaren ordenan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!