Madrilek ezarritako alarma egoeraren bermea baliatuz, gomendio zena arau bilakatu du Nafarroako Gobernuak eta bizikideetara mugatu ditu eremu pribatuan egiten diren bilerak. "Etxe bakoitzean ezin dugu polizia bat jarri. Baina gainean izanen gara araua bete dadin", ohartarazi du Remirez presidente ordeak.
Neurria gaur, urriaren 28an, asteazkenean, sartu dira indarrean, 00:00etan eta hasiera batean, azaroaren 4ra arte egonen dira indarrean.
Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko bozeramaile eta Ogasun ministroak azaldu duenez, igandean argitaratutako alarma-egoeraren dekretuaren 9. eta 10. artikuluak kendu dituzte, etxeratze-agindua aurreikusten zuena eta erkidegoetako gobernuei ordubete gehitzeko edo kentzeko aukera ematen ziena.
Neurri hori derrigorrezkoa izango da dekretu horrek irauten duen hamabost egunetan, eta, beraz, azaroaren 9tik aurrera Txibite lehendakariak izanen da neurri horren inguruan erabakiko duena.
Bilerak
Erabilera publikoko espazioetan gehienez ere sei pertsona bildu ahal izango dira, elkarrekin bizi direnak izan ezik, eta jendearentzat irekita dauden bulego, instalazio eta establezimenduei dagokienez ezartzen diren salbuespenak alde batera utzi gabe. Bai elkarrekin bizi diren pertsonak bai elkarrekin bizi ez diren pertsonak biltzen dituzten taldeen kasuan, gehienez ere sei pertsona egon daitezke.
Erabilera pribatuko espazioetako bileretan – etxebizitzak, adibidez – bizikidetza-unitatera mugatuko dira, eta bizikidetza-unitatetzat joko dira sabai beraren azpian bizi diren pertsonak, zaintzaileak eta laguntza-pertsonak barne. Muga horretatik salbuetsita daude honako egoera hauek:
- Bakarrik bizi diren pertsonak eta mendekotasuna duten pertsonak; banakako bisitak jaso ahal izango dituzte, ahal dela hurbilen duten familia- edo gizarte-eremukoak.
- Gurasoak beste bizileku batean bizi diren adingabeak.
- Ezkontza-lotura duten pertsonak edo beste bizileku batean bizi diren izatezko bikoteak.
- Lehen aurreikusitakoekin parekatutako kasuetan dauden pertsonak.
Toki publikoetan egindako bilerak eta manifestazioak mugatu, baldintzatu edo debekatu ahal izango dira, sustatzaileek aldez aurretik aurkeztutako komunikazioan ez bada bermatzen kutsatzeak eragozteko behar den distantzia pertsonala.
Neurri horiek azaroaren 4ra arte (egun hori barne) egongo dira indarrean, eta luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira, egoera epidemiologikoaren arabera.