Espainiako Gobernuak ezarritako alarma-egoera egokitu du Nafarroak. "Ez dugu itxialdi orokorrik aurreikusten", adierazi du Javier Remirez presidenteordeak gaur egindako agerraldian, baina bizikideetara mugatuko ditu eramu pribatuan egiten diren bilerak, zaintzaileak barne. Orain arte gomendio zena arau egin du gobernuak.
Salbuespen zenbait izanen ditu arauak: bakarrik bizi diren eta mendekoak diren lagunek bisitak jaso ahal izango dituzte, gurasoak bananduta dituzten adingabeek bi etxebizitzetan egoteko aukera izanen dute eta elkarrekin bizi ez diren bikoteak ere salbuetsita izanen dira. "Etxe bakoitzean ezin dugu polizia bat jarri. Baina gainean izanen gara araua bete dadin", ohartarazi du Remirez presidente ordeak.
Orain arte bezala, sei pertsona bildu ahalko dira gehienez eremu publikoan. Autoetan bizikideak ez direnekin joan daitekeen galdetuta, erantzun nabarra eman du presidenteordeak: "Eremu publiko ez den guztia pribatua da, autoetan ere ekidin behar dugu bizikide ez direnekin elkartzea".
Espainiako Gobernuak ezarritako etxeratze-agindua mantenduko du gobernuak eta gaueko hamaiketan hasiko da. Neurri hau alarma-egoera amaitu arte egongo da indarrean. Nafarroako itxialdi perimetrala, halaber, mantenduko dute. Nafarroak ez du eskumenik Ipar Euskal Herriko muga ixteko, baina ohartarazpen bat egin du Remirezek: "Baina nafarrak ezin dira erkidegotik atera, justifikatutako arrazoirik gabe. Mugak kontrolatuko ditugu".
Maria Txivite Nafarroako presidenteak Foru Dekretu bat sinatuko du bihar, Ministroen Kontseiluak atzo onartutako Alarmaren Estatuko Errege Dekretuan jasotako neurriak zehazteko. Neurriak urriaren 28an, asteazkenean, sartuko dira indarrean, 00:00etan eta hasiera batean, azaroaren 4ra arte egonen dira indarrean.
Santos Indurain osasun kontseilariak ohartarazi duenez, ospitaleratze gehiago daude altak baino, eta goia jo dute ZIUn. "Heriotzen datuak ere ez dira onak". Baieztatu duenez, premiazkoa ez den kirurgia desprogramatuko dela larrialdirako baliabideak izateko. Lehen mailako arretan, asteburuetan irekiko dira zentroak, pazienteen sarbidea eta jarraipena errazteko eta larrialdi-zerbitzuen kolapsoa saihesteko.
Gobernuak ez du kanpainako ospitalerik proposatu, eta presidenteordeak jakinarazi duenez, ostegunean 10:30ean osatalarien sektorearekin bilduko da gobernua egoera aztertzeko eta laguntzen inguruan hitz egiteko, baina ez du datarik jarri establezimenduak berriz irekitzeko.
Eremu pribatuko bilerak
Eremu publikoan eta pribatuan bilerak mugatzeari dagokionez, erabilera publikoko espazioetan gehienez ere sei pertsona bildu ahal izango dira, elkarrekin bizi direnak izan ezik, eta jendearentzat irekita dauden bulego, instalazio eta establezimenduei dagokienez ezartzen diren salbuespenak alde batera utzi gabe. Bai elkarrekin bizi diren pertsonak bai elkarrekin bizi ez diren pertsonak biltzen dituzten taldeen kasuan, gehienez ere sei pertsona egon daitezke.
Erabilera pribatuko espazioetako bileretan – etxebizitzak, adibidez – Bizikidetza-unitatera mugatuko dira, eta bizikidetza-unitatetzat joko dira sabai beraren azpian bizi diren pertsonak, zaintzaileak eta laguntza-pertsonak barne. Muga horretatik salbuetsita daude honako egoera hauek:
- Bakarrik bizi diren pertsonak eta mendekotasuna duten pertsonak; banakako bisitak jaso ahal izango dituzte, ahal dela hurbilen duten familia- edo gizarte-eremukoak.
- Gurasoak beste bizileku batean bizi diren adingabeak.
- Ezkontza-lotura duten pertsonak edo beste bizileku batean bizi diren izatezko bikoteak.
- Lehen aurreikusitakoekin parekatutako kasuetan dauden pertsonak.
Toki publikoetan egindako bilerak eta manifestazioak mugatu, baldintzatu edo debekatu ahal izango dira, sustatzaileek aldez aurretik aurkeztutako komunikazioan ez bada bermatzen kutsatzeak eragozteko behar den distantzia pertsonala.
Neurri horiek azaroaren 4ra arte (egun hori barne) egongo dira indarrean, eta luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira, egoera epidemiologikoaren arabera.