Azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 899 kutsatu izan ditu Nafarroak. Datuak "txarrak" dira. Hala aitortu zuen Maria Txibite Nafarroako Presidenteak gobernuak atzo arratsaldean egin zuen ezohiko saioaren ondoren.
Urriaren 13an ezarri zituen Nafarroako Gobernuak azken neurri murriztaileak, eta astebete egin gabe gogortu ditu birusaren hedapena geldiarazteko: "Bestelako gaitzak artatzen utzi gabe artatu nahi ditugu COVID kasuak. Horregatik, ez dugu itxarongo. Aurrera urrats bat emanen dugu".
Hauek dira gobernuak ezarriko dituen neurri berriak:
- Nafarroako sarrera eta irteerak itxiko dituzte, lan-arrazoiengatik, unibertsitate-ikasketengatik, senideen zaintzagatik eta beste ezinbesteko arrazoi batzuengatik egindako joan-etorriak izan ezik.
- Tabernak eta ostatuak itxiko dituzte. Establezimendu horiek ogia eta prentsa saltzeko baino ezinen dute jarduera mantendu, horretarako gaikuntza badute, eta etxez etxeko janaria saltzeko 21:00ak arte.
- Hotelen eta landetxeen kasuan ostatua baimenduko da ostatua duten pertsonei arreta emateko, gehienez lau pertsonako mahaietan.
- 21:00etan jarduera "gehiena" etengo dute: saltokiak ordu horretan itxiko dituzte eta ezinen da kultur edo kirol jarduerarik antolatu.
- Debekatuta egonen da merkataritza-gune handietako galeriak aisialdirako erabiltzea, eta azalera handi horietarako sarbidea eta erabilera erosketak egiteko baino ez da izango.
- Bizikideen arteko bilerak izanen dira baimenduta soilik eremu publikoan, gehienez sei pertsonakoak.
- Etxebizitza bakoitzeko bizikideen artean "elkarbizitza burbuilak" sortzeko beharra ezarri du. Bakarrik dauden edo mendekotasuna duten pertsonen kasuan, zaintzaileekiko harreman-talde egonkor hori handitu ahal izango da ("burbuila zabaldua"), eta burbuila horietatik kanpoko pertsonekin harremanak izatea ahalik eta gehien mugatuko da.
Ostegunean ezarriko ditu indarrean neurriak gobernuak, hamabost egunez. Neurriak Osasuneko sailburuaren foru agindu bidez gauzatuko dira, eta datozen orduetan Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Neurriekin birusaren hedapena murrizten ez bada, gobernuak ez du itxialdia erabat baztertu: "Ez badira neurriak betetzen itxialdia ezarri beharko dugu eta gobernuak ez du hori nahi".
Kutsatzeak familia eta lagun artean ematen ari direla azpimarratu du presidenteak. Kazetarien galderei erantzunez, Nafarroako intzidentzia mailaren zergatiaz galdetuta, zehaztu du atzoko datuetan Atarrabiako ez-jaien 20 kasu positibo erregistratu direla: "Oraindik ari gara ez-festen eragina ikusten".
Iruñea edota Iruñerria itxiko zutenaren susmoa izan da azken orduotan. Gaiari buruz galdetuta presidenteak azpimarratu du hiriburuaz beste, "udalerri askotan" dagoela birusaren intzidentzia maila altua: "Arazo bat dugu eta erkidego gisa erantzun behar zaio".
Nafarroako eskumenak baliatu nahi izan ditu gobernuak arazoari irtenbidea bilatzeko, baina herritarren inplikazioa ere eskatu du: "Kutsakorra den birus bati buruz ari garenean, gobernuak agintzen dituen neurriak bete behar dira, bestela ez dira eraginkorrak izango".