Adinekoen egoitzetako baldintzak salatzeko Zainduz plataforma sortu dute

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 19a, 14:51

Bizitako informazio falta salatu nahi dute adinetako egoitzetan dauden, horietan zendu diren edota etxez etxeko laguntza behar duten pertsonen senideek elkartearen bitartez.  Kalitatezko eredu bat eskatu eta erabakietan parte hartzea exijitu dute.

Nafarroa osoko adinekoen egoitzetan dauden pertsonen senideek kezka agertu dute, zentro horietan daudenek bizi dituzten egoerekin. Aurretik ezarritako "murrizketek, pribatizazioek, langile faltak, lan baldintzen prekarizazioak eta ikuskapen faltak" egoitzen zerbitzuen kalitatea hondatu dutela; baina COVID-19aren osasun krisiak hutsune horiek agerian utzi dituela nabarmendu dute.

Irizpide ekonomikoak gaileentzen direla eta informazio falta dagoela salatu dute, bai eta zentro pribatu eta kontzertatuen gaineko kontrolik ez dagoela ere, eta horrek egoiliarren osasunean eragina duela. Horren aurrean, kalitatezko eredu bat eskatu dute, irizpide argiekin eta banakako arreta planekin.

Parte hartze falta ere salatu dute. Egoitzen inguruan hartzen diren neurri eta protokoloen ebaluazioan parte hartu nahi dutela azpimarratu dute, eta administrazioari exijitu diote erabakiak hartzeko orduan, gizarte eragileekin harremanetan jar dadila.

Zainduz plataforma berriki sortu dute, eta Nafarroa osoko egoitzetan daudenen 30 senide inguruk osatzen dute oraingoz, baina gehiago izan nahi dute, antzeko egoeran daudenentzako erreferentzia bihurtzeko. Horretarako lehen urratsa, batzar ireki bat izango da: hilaren 27an egingo dute, arratsaldeko 18:00etan, Kondestablearen jauregian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!