EH Bilduri betoa jartzeko eskatu dio Navarra Sumak gobernuari, aurrekontuetan abstenitzeko

Euskalerria Irratia 2020ko urr. 13a, 13:48

EH Bilduk adierazi duenez, "erabat irekia eta elkarrizketarako prest" egongo da arratsaldean Nafarroako Gobernuarekin egingo duten bileran.

Salbuespenez asteartearekin egindako eledunen batzordearen ostean, Ramón Alzorrizek esan du ez dela xantaietarako edo betoetarako garaia, eta PSNk talde politiko guztiekin hitz egingo duela. EH Bildutik, Adolfo Araizek esan du koalizio abertzalea "elkarrizketarako prest" joango dela arratsaldeko hitzordura, jarrera irekiarekin, eta Navarra Sumaren adierazpenak koalizioaren politika egiteko ereduarekin bat datozela esan du, "xantaian oinarritzen baita". Gobernuak xantaia hori onartzeko prest dagoen ala ez aztertu beharko duela gaineratu du. 

Eskuineko koalizioko Marta Alvarezek esan du aurrekontuen onarpena "errazteko prest" dagoela, Nafarroako Gobernuak ez badu EH Bilduren babesa horretarako, bere hitzetan, "sistema konstituzionala errespetatzen ez duen” talde bat baita, Sortuk urriaren 12aren karietara antolatutako ekitaldiari erreferentzia eginez.

Sorturen urriaren 12ko ekitaldiak oihartzuna izan du Nafarroako Parlamentuan. Navarra Sumak adierazpen instituzional bat aurkeztu du, Felipe VI:aren aurkako erasoak gaitzesteko, eta alderdi abertzaleari indarkeriaren apologia egiteari uzteko eskatzeko. Aurrera atera da, PSNren aldeko botoekin eta Geroa Bairen abstentzioarekin.

Adierazpena aurkeztu duen taldeak "gorrotoa" izan du aipagai. Marta Alvarezek esan du EH Bildu eta Sortu indarkeriaren apologian kokatuta daudela. Antzera mintzatu da adierazpena babestu duen bozeramaile sozialista, argudiatuz "talde batzuen gorrotoa" ez dela "Nafarroak bizikidetza osatzeko behar duen bidea".

Koalizio abertzalearen aldetik, berriz, Adolfo Araizek gogora ekarri du giza eskubideen Europako auzitegiak behin baino gehiagotan adierazi duela horrelako protestak adierazpen askatasunaren barruan sartzen direla, eta kritikatu du ekitaldia indarkeriaren apologia gisa hartu izana, eta PSNk horren alde bozkatu izana.

Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak ere ez dute babestu adierazpena, uste baitute Sortuk eskubidea eta askatasuna duela horretarako. Ainhoa Aznarezek, gainera, nabarmendu du atzokoan, monarkiak ez ezik, beste talde batzuek ere erasoak jasan zituztela. Eta Marisa de Simonek esan du parlamentuak ezin diola babesa eman monarkiari, eta erreferendum bat eskatu du. Geroa Baiko eleduna ez da horren kritiko agertu Navarra Sumaren planteamenduarekin. Uxue Barkosek argudiatu du adierazpen askatasunaren alde daudela, baina ez edozein modutan. Hala ere, adierazpen instituzionalaren edukiagatik abstenitu egin da Geroa Bai, monarkiari babesa ematen baitio.

Ganbera osoaren babesik ez izan arren, aurrera atera da, beraz, adierazpena. Espero da aste hau izatea azkena zeinetan adierazpenak gehiengo sinplearekin onartuko diren, Parlamentuak barne araudia aldatzea onartu berri baitu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!